Urdaibairentzat eta Arraun Lagunakentzat Kontxako bandera, bailarako arraunlariz betetako estropadan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 12a, 00:00

Emakumezkoetan, Hondarribiak bosgarren amaitu zuen, Maider Perez eta Maider Garmendia hernaniarrekin.

Herenegun jokatu zen Kontxako Banderaren bigarren estropada, eta Urumea bailarako arraunlari askok hartu zuten parte, baina 'trapu' preziatua astintzeko aukerarik gabe.

Igandean jokatu zen Kontxako Banderaren bigarren igandeko estropada, Donostian; eta Arraun Lagunak eta Urdaibai izan ziren garaile: Donostiako taldea nagusitu zen emakumezkoetan, eta Bermeokoa gizonezkoetan. Bi kasuetan, banderaren lehian aritu ziren Urumea bailarako zenbait arraunlari, baina ez zuten 'trapu' preziatua astintzerik lortu.

Emakumezkoetan, bigarren igandean lan onena eginda lortu zuen Kontxako Bandera Arraun Lagunakek (10:23,32), eta bigarren postuan amaitu zuen Donostiarrak: zazpi segundura herenegun (10:30,70), eta bederatzi segundura guztira. Donostiarrarekin, banderaren lehian izan zen Uxue Alberdi hernaniarra, eta estu hartu zuten hiri bereko lehiakidea tarte batez, baina aukerarik gabe azkenerako. Garaipena lortzen saiatu zen Orio ere, Eider Barba hernaniarra tostetan zela, baina hirugarren postuan amaitu zuten (10:36,92), estropadan bezala azken sailkapenean. Tolosaldea izan zen laugarren (10:44,50), eta bosgarren postuan amaitu zuen Hondarribiak, Maider Garmendia patroi hernaniarrak gidatutako traineruak (10:55,48). Traineru berdean zen Maider Perez herrikidea ere, aurrekalari lanetan. Hibaikarekin, berriz, hiru hernaniar aritu ziren, Nora Urbe, Ihintz Larrañaga eta Jone Pastor; eta seigarren postuan amaitu zuten (10:58,66). Horiek guztiek, bigarren igandeko postu berberean bukatu zuten banderaren azken sailkapenean ere. Azkeneko bi postuetan, berriz, Zumaia eta Kaiku izan ziren: bizkaitarrak aritu ziren hobeto herenegun, baina gipuzkoarrek bukatu dute zazpigarren.

Gizonezkoetan, berriz, Urdaibaik irabazi zuen Kontxako Bandera, 11 segunduren aldearekin, herenegun marka onena lortu ondoren (19:09,74). Zierbena izan zen bigarren, lehenengo txandan lan bikaina osatu (19:13,62) eta hiru postu aurrera eginda sailkapenean. Hirugarren egin zuen Hondarribiak (19:38,44), eta Donostiarra izan zen laugarren (19:40,42), bailarako hiru arraunlarirekin: Ander Balda astigartarra, eta Xabat Pastor eta Iker Imaz hernaniarrak. Oso azkar egin zien ihes bandera lortzeko ametsak, Urdaibairen erakustaldia ikusita. Helmugan bosgarrena Orio izan zen (19:42,40), eta Cabok seigarren egin zuen (19:45,06). Getariak amaitu zuen zazpigarren postuan (19:56,90). Bigarren igandeko postu berberetan bukatu zuten traineru guztiek, banderaren sailkapenean. Aldiz, Ondarroa, Ivan Lopez hernaniarraren trainerua, deskalifikatu egin zuten estropada hasi aurretik, parte hartuko zuten arraunlarien zerrenda denboraz kanpo entregatzeagatik. 52 segundura amaitu zuten, azkeneko postuan, baina haien denborak ez zuen baliorik izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!