Arria II.aren 1983ko marka gainditu zuen Izeta VI.ak larunbatean, Euskal Pentatloiko kanporaketa proban

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 12a, 00:00

Argazkia: Ibon Errazu.

Sekulako erakustaldia eman zuen Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI' aiarrak Euskal Pentatloi Sariko kanporaketa proban. Arria II.aren marka nagusitasunez hobetu zuen, eta alde haundiarekin sailkatu da final haundira. Irailaren 23an erabakiko da aurtengo edizioa.

Marka berri baten lekuko izan zen Azpeitiako Zezen Plaza larunbatean. Bertan jokatu zuten Hernanin aurkeztutako Euskal Pentatloiko kanporaketa fasea, eta Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.ak erraz gainditu zuen Arria II.ak 1983an ezarritako denbora. 

Guztira 12 kirolari aritu ziren larunbatean Azpeitian, eta honakoa izan zen egindako lana: 100 kiloko bolari 10 altxaldi, 400 kiloko harriarekin plaza bat, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako egur bat, 50 kiloko txingekin 3 plaza eta korrika kilometro 1. 

Final haundirako sei txartel zeuden jokoan, sei denbora onena egiten zuten kirolarientzat, eta honela geratu zen sailkapena: Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI' (11:48), Xabier Zaldua (12:20), Xabat Olaizola (12:28), Ioritz Gisasola (12:30), Aritz Irazabal (13:37) eta Julen Kañamares (14:28). Lehenengo hiru sailkatuak ohorezko txandan arituko dira finalean. Hortaz, Jagoba Otaegi, Beñat Amade, Jon Gisasola, Mikel Agirre, Joseba Arakama eta Gorka Etxeberria finaletik kanpo geratu dira. 

Irailaren 23an izango da azken proba, gaueko 22:00etan, Azpeitiako Zezen Plazan. Denborei erreparatuz, Izeta VI.a izango da hirugarren txapela lortzeko faborito argia.

 

SAILKATUTAKOEN DENBORAK

Andoni Iruretagoiena 11:48

Xabier Zaldua 12:20

Xabat Olaizola 12:28

Ioritz Gisasola 12:30

Aritz Irazabal 13:37

Julen Kañamares 14:28

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!