Kronometroak zorrotz eta begiak adi, Kontxako bigarren igandean

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 9a, 00:00
Donostiarrako emakumezkoen trainerua, aurreko igandean.

Bihar jokatuko dute Kontxako Banderaren estropada erabakigarria. Ezin estuago daude kontuak, eta Urumea bailarako zazpi arraunlari irabazteko lehian.

Irrikaz betetako astea izan ohi da arraun munduan, Kontxako Banderaren bi igandeen artekoa; baina bereziki gogotsu daude arraunlariak eta zaleak, oraingoan. Izan ere, inoizko Kon­txako estropadarik parekatuena izan zen aurreko igandekoa, emakumezkoetan zein gizonezkoetan; eta inoiz baino irekiagoa dago lehia, biharko. Bost segunduren tartean daude aurreneko lau traineruak, bi kasuetan: Tolosaldea, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio emakumezkoetan; eta Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra eta Orio gizonezkoetan.

Dena dago erabakitzeko, bi­harko bigarren estropada horretan: goizeko 11:00etan hasiko da emakumezkoena, eta eguerdiko 12:00etan gizonezkoena. Eta bi kasuetan, banderaren lehian ari­ko dira Urumea bailarako arraunlariak, zazpi guztira. 

Aurrena, emakumezkoetan, garaipena lortzen saiatuko dira Eider Barba hernaniarra, Oriorekin (4,66 segundura daukate Tolosaldea); eta Uxue Alberdi hernaniarra eta Nahikari Qian Artano astigartarra, Donostia­rra­­­rekin (To­losaldearekin 2,16 se­­gundu gal­du­ta). Ohorezko txandan ariko dira haiek. Aurretik, lehenengo txan­dan, ahalik eta postu onena lor­tzen saiatuko dira beste hainbat hernaniar: Hibaikako Jone Pastor, Garazi Ara­biotorre, Ihintz Larrañaga eta Nora Urbe; eta Hondarribiako Miren Garmendia eta Maider Perez. Bosgarren eta seigarren daude bi traineru horiek oraingoz, hurrenez hurren.

Eta ondoren, gizonezkoetan, Donostiarra traineruarekin ariko dira bailarakoak, bandera astindu nahian: Ander Balda astigartarra, eta Xabat Pastor, Iker Imaz eta Jon Iruretagoiena hernaniarrak. 4,19 segundu kendu behar dizkiote Urdaibairi, eta 2,94 segundu Hondarribiari. Lehenengo txandan, berriz, Ivan Lopez hernaniarra ariko da Ondarroarekin, zortzigarren postutik gora egin nahian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!