Euskara ikasi, mihia zorrozteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 9a, 00:00
Buruntzaldeko euskaltegietako kideak, Astigarragan ateratako familia-argazkian.

Beste urte batez, kalitateko hezkuntza bermatu nahi diete eskualdeko zortzi euskaltegiek euskara ikasteko motibazioa agertzen duten herritarrei. Maila guztiei begirako eskaintza malgua dute.

Uda amaitzearekin batera, ikasturte berriaren jardunari ekin diote berriro ere askok. Maletak hustu eta eguneroko martxari eusteko unea ailegatu zaio bati baino gehiagori, iraileko lehen egunetan. Arduren, zereginen eta erantzukizunen artean, bada, ordea, motibaziorik. Hori horrela, urtero-urtero, euskaran trebatzeko konpromisoa hartzen dute zenbait herritarrek, AEK-ren eta Udal Euskaltegien laguntzarekin, aurrera egiteko grinez.

Askotariko helburuak medio egiten dute bat herritarrek euskara ikasteko bidean. Hala, premia orori, dagokion doinu eta neurrian, erantzuteko prest dira eskualdeko euskaltegiak: maila eta behar guztietara egokitutako eskaintza daukate aukeran.

Euskara ikasteko arrazoi adina aukera bermatzen ditu Buruntzaldeak: guztira, zortzi euskaltegi biltzen ditu eskualdeak; bana, Andoainen, Urnietan eta Usurbilen; bina, berriz, Hernanin eta Lasarten. Goiz eguerdi eta arratsalde, astelehenetik ostiralera bitarte, abaniko zabala dute eskuen artean euskaran trebatzeko gogoa duten herritarrek, aurrez aurreko ikastaroaren bidez, baita autoikaskuntza hautatuta ere.

Hori gutxi balitz bezala, diruz laguntzen dute eskualdeko udalek ikasketa-prozesua: tokian-tokian baldintzak eta ezaugarriak aldakorrak izan arren, udalerri guztiek bermatzen dute gutxieneko babes ekonomikoa. Halaber, HABEk ere diru-laguntzak ematen ditu, baldin eta erakundeak ezarritako maila edo baliokidea eskuratzen badu ikasleak.

Ateak irekita

Prest da Hernaniko Udal Euskaltegia 2023-24 ikasturteari begira euskaran trebatzeko gogoa duten herritarrak jasotzeko. Bada, bertako irakasle da Izaskun Arrieta eta elkarren artean antzekotasunik ez duten bi mailatan egiten du lan: batetik, hasi berri direnekin, alegia, A1 mailakoekin eta, bestetik, 17 urteko nerabeekin, C1-aren prestaketan. Profil anitzeko jendea biltzen da euskaltegian; hortaz, bakoitzaren neurrira egokitutako estrategiak erabiltzen dituzte irakasleek hizkuntza erakusteko. Ildo beretik, gustuko du kontrastea Arrietak, maila bakoitzak bere exijentziak eta pazientziak eskatzen dituelako. Dena dela, maiz, hizkuntza bat ikasteak dakartzan buruhausteak buruhauste, irakaslearen hitzetan, «ederra izaten da ikasturte amaieran emaitzak ikustea, aurrerapausoak eman dituztela antzematea». Askorentzat egindako lanaren aitortza da titulua eskuratzea, baina ikasketa-prozesuan ere begirada ipini du irakasleak: «Jende asko euskaldundu da gurean». Egunero, ordea, makina bat erronkarekin egiten dute topo irakasleek: «Atzean gelditu den hori nola motibatu asmatzea ere badugu xede».

Azken hiru hamarkadei erreparatuta, euskarak prestigioa galdu duelakoan da Arrieta, nerabeen artean, besteak beste. Era berean, irakaslearen esanetan, «behe urratsetan», Euskal Herria zer den ez dakitela gerturatzen dira asko euskaltegira, izena ematera. Hori horrela, hutsune horri erantzute aldera, hizkuntza bera ikastea ez ezik, euskal komunitatera ere ateak irekitzen dizkie euskaltegiak ikasleei, beren egunerokoan, erreferentziak eta euskaraz jarduteko espazioak izan ditzaten, bai ikasgelan, bai bertatik kanpo egiten dituzten jardueretan.

Taldean ikasteko aukera

Motibazioa soberan dauka Rocio Arias Andoainen bizi den urnietarrak urtero-urtero herri­ko AEK euskaltegian izena emateko. Ezer gutxi zekien euskaraz lehen, ikasketa guztiak gaztelaniaz egin baititu. Horrela, hutsetik hasi zen hizkuntzan trebatzen eta sei urte daramatza buru-belarri bertan, aurrez aurreko klaseak jasotzen. Egun B2-B1 mailan dago (entzumena/irakurmena-idazmena/mintzamena). Titulurik ez duela behar dio, eta, horrela, haren hitzetan, ez dio gehiegizko presiorik jartzen bere buruari: «Oso gustuko dut hizkuntza taldean ikastea, eta harreman polita dugu irakaslearekin. Gelakide asko ez nituen lehenago ezagutzen, gainera». Elkarri laguntzen diotela azaldu du ikasleak, eta klaseak «dinamikoak, arinak eta eroso­ak» iruditzen zaizkio: «Jakin-mi­na izanez gero, proba dezala jen­deak». Gauzak horrela, irakur­le, eskuen artean duzu ikasturte­ari begirako erronka berria: euskaltegian izena eman eta euskaran trebatzea, mihia zorroztea.


EUSKARA IKASTEKO DIRU-LAGUNTZAK

ANDOAIN

Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Andoainen erroldatuta egotea (gutxienez, 6 hilabete) eta % 85eko asistentzia. Diru-laguntzak: ohikoa matrikularen %90, eta %100 honako kolektiboentzat: diru-sarrera txikiak dituztenak (ikus baldintzak), familia ugarien kideak, Andoaingo merkataritza eta ostalaritzako langile andoaindarra, A1 maila egin duena…

ASTIGARRAGA

Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Astigarragan erroldatuta egotea eta %85eko asistentzia.

Diru-laguntzak: matrikularen % 100, oinarrizko errenta jasotzen dutenek, Udalaren larrialdi laguntza jasotzen dutenek, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoek, familia ugariko kideek, unibertsitateko edo lanbide heziketako ikasleek, merkatariek, langabetuek eta azken hiru urteetan hiru maila gainditu dituztenek. Gainerakoek, matrikularen % 75.

HERNANI

Baldintzak: Hernanin erroldatuta egotea, eta % 85eko asistentzia.

Diru-laguntzak: Astean 10 ordutik beherako ikastaroak: langabetuei, ikasleei, erretiratuei edo desgaitasuna duten pertsonei matrikularen % 90 eta gainerakoei matrikularen % 70. Astean 10 ordutik gorako ikastaroak: langabetuei, ikasleei, erretiratuei edo desgaitasuna duten pertsonei matrikularen % 100. Gainerakoei matrikularen % 75.

LASARTE-ORIA

Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Lasarte-Orian erroldatuta egotea, % 85eko asistentzia.

Diru-laguntzak: matrikularen %85a gehienez ere.
 

URNIETA

Baldintzak: Urnietan erroldatuta egotea, %80ko asistentzia. Diru-laguntzak: matrikularen % 100 gehienez ere langabetuentzat, eta % 85, gehienez ere, lanean ari direnentzat.

USURBIL

Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Usurbilen erroldatuta egotea, %80ko asistentzia. Laguntzak: matrikula osoa.

 

*Xehetasun gehiago (eskatzeko epeak, diru-laguntza motak…) udal bakoitzaren web orrialdean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!