Tokikomek jasoko du FesTVal 2023ko EITB saria larunbatean, Gasteizko Principal antzokian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 5a, 00:00

Tokikom osatzen duten hedabideetako ordezkariak, 10. urteurrenean, Arantzazun. Argazkia: Artxiboa.

Euskal Herriko tokiko hedabideen sareak jasoko du aurtengo EITB Saria. Tokikometik adierazi dutenez, «munduan tokikoak hartzen ari diren lekua aitortzen dute EITBtik ere». Tokikom markaren atzean 250 profesionaletik gora ari dira lanean 76 komunikabidetik gora biltzen dituen bateragunean, hain zuzen ere. 

Tokikomek, euskerazko hedabideen elkarteak jaosko du aurten, EITB Saria FesTVal Gasteizko telebista jaialdian. Euskarazko 76 toki komunikabidek osatutako sarearen 10 urteko ibilbidea nabarmenduko du EITBk, eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu.

Festval-ek zabaldutako oharrean dioenez, «Hamarkada batean, TOKIKOMek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko».

Elkarlan horien artean daude: Primeran ikus-entzunezko plataformarako egindako lana, datu kazetaritzan lehen pausoak eman dituen Saretzen proiektua, irratietara tokiko istorioak eramateko dugun irrati-kolaborazioa, partekatu ditugun jakintza eta erremintak, saio bereziak elkarlanean produzitu eta pantailaratzea, etab. 

Alaitz Artolazabal zuzendariak pozez hartu du saria: «euskara hutsezko hedabideak aitortzea ez da egunero gertatzen. Komunitate sendoa osatzen dugu, baina are handiagoa izango bada, elkarlan efektiboak beharko ditugu ezinbestean. Txikitik egiten dugun ahalegin hau EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana positiboa da eta indarrak ematen dizkigu beste hainbeste urtetan jarraitzeko». 

 

Gertuko komunikazioa, bertatik bertara 

Tokikomek zero kilometroko komunikazioa lantzen du: gertuko komunitatearekin bat eginda, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzo eta profesionalean. Informazioa bertatik bertara lantzen du bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz. Tokikomeko hedabideak kolore eta joera guztietarako biztanleengana heltzen dira. Eraginkortasunez eta baliabideei ahalik eta atarramendu handiena atereaz, konpromisotik eta komunitatea bera hobetzeko ahaleginean ale bat gehiago jarriz. Lan-jarduna euskara ardatz delarik burutzen da. Tokikom markaren atzean 250 profesionaletik gora ari dira lanean 76 komunikabidetik gora biltzen dituen bateragunean, tartean Kronika egonik, guztiek ere komunikazio zerbitzua helburu izanik.

ETBko kirol zerbitzuentzako ere izango da aitortza. XV. edizioko sari berezia emango diote informazioa eskaintzeko eta euskal kirolari zabalkundea egiteko, baita emakumezkoek egindako kirolaren erakusleiho izateko ere egindako lanagatik. 

 

Larunbatean jasko du saria Tokikomek

Saria irailaren 9an egingo den Festval 15. edizioaren galan jasoko du Tokikomek, iluntzean, Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan egingo den ekitaldian. Alfonbra laranjatik desfilatuko duten gainontzeko sarituak aurrerago jakinaraziko dituzte Festval-etik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!