Unax Otegi 28garren, San Bartolome Sarian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 5a, 00:00

Unax Otegi txirrindulari hernaniarra, aurreko proba batean.

Ibarran aritu zen txirrindulari hernaniarra, larunbatean. Aurreko astean, berriz, pistako Munduko Txapelketan lehiatu zen Tasio Semperena astigartarra.

Ohi baino lasterketa gutxiago izaten ari dira Gipuzkoan, trafikoa eta bidegurutzeak kontrolatzeko arazoak tarteko. Jubenilen lasterketak ari dira jokatzen bereziki, bigarren urteko kadeteen partehartzearekin; eta horietan ez da Urumea bailarako txirrindularirik falta. Joan den asteburuan, Ibarrako San Bartolome Sarian hartu zuten parte Unax Otegi eta Unai Hernandez hernaniarrak, biak kadeteak izan arren. Larunbatean izan zen hori, eta Otegik lortu zuen proba bukatzea, 28garren postuan.

Larunbatean bertan, beste San Bartolome Sari bat ere jokatu zen, afizionatu mailakoa, Zegaman. Bertan izan ziren Jaime Romero eta Telmo Semperena astigartarrak, baina ez zuten proba bukatzea lortu.

Bestalde, joan den asteazkenean, Dicastilloko Saria jokatu zen Nafarroan, bi probarekin; eta 2,16 kilometroko kronoigoera irabazi zuen Iruki Donostialdea Bizikletan taldeko Aimar Alarcia donostiarrak. Horren aurretik, zazpigarren izan zen 69 kilometroko lasterketan.

Tasio Semperena, Calin

Pistako txirrindularitzari dagokionez, junior mailako Munduko Txapelketan aritu zen Tasio Semperena astigartarra Calin (Kolonbia), abuztuaren 23tik 27ra.

Espainiako selekzioak deituta, taldekako pertsekuzio proban hartu zuen parte Semperenak, Héctor Domínguezekin, Antonio Ramírezekin eta Mario Álvarezekin batera. Sailkatze proba jokatu behar izan zuten aurrena, eta 4:14,120 denborarekin, aurrera egitea lortu zuten. Hori horrela, lehenengo erronda jokatu zuten ondoren, eta denbora hobetzea lortu zuten, 4:13,399 erregistroa markatuta. Horrekin, sailkapeneko zortziga­rren pos­tuan bukatu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!