Alain Agirre kopiloto lanetan bosgarren, Lesakako Rallysprintean

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 5a, 00:00

Alain Agirre eta Mattin Villares, lagunez inguratuta, Lesakako Rallysprintean.

Villaresekin batera lortu zuen ohorezko postua. Bertan izan ziren bailarako beste hiru lagun ere. 

Gero eta ohikoagoak dira Urumea bailarako herritarrak, rally probetako kotxeetan piloto edo kopiloto gisa. Eta horren adibide da Lesakako Rallysprinta, joan den larunbatean jokatu zena: bailarako lau lagun aritu ziren bertan: Alain Agirre, Maitane Oyarzabal eta Yeray Iriondo hernaniarrak, eta Jon Zozaya goizuetarra.

Horien artean, Agirrek lortu zuen emaitzarik onena. Kopiloto lanetan aritu zen, Mattin Villares piloto zuela, Renault Clio batekin; eta bosgarren postuan bukatu zuten. 27:38,600 denbora pilatu zuten, probaren lau tramoak batuta. Azkeneko tramoan, hirugarren denbora onena markatu zuten.

Yeray Iriondo, aldiz, piloto gisa aritu zen, BMW E36 kotxearekin, Julen Olaziregi kopiloto zuela. 31:19,100 denboran osatu zuten proba.

Eta proba osatzea lortu zuen Maitane Oyarzabalek ere, Mikel Aizpururen kopiloto gisa, BMW E30 kotxearekin. 35:23,500 denbora lortu zuten.

Jon Zozayak, ordea, proba utzi behar izan zuen. Kopiloto lanetan ekin zion, Aitor Sorozabalekin, Mitsubishi Lancer Evo IX kotxea hartuta; baina ezin izan zuten proba amaitu.

Iván Muñozek eta Gabino Martínezek irabazi zuten Lesakako Rallysprinta, 26:09,800 denborarekin. Joseba Beola eta Jose Luis Iratzoki izan ziren bigarren (26:41,900), eta Daniel Del Villar eta Mikel Arza hirugarren (27:22,200). Hortaz, podiumetik 16 segundura geratu ziren Alain Agirre eta Mattin Villares.

 

Datorren asteburuan, Aramaioko Rallysprinta

Aste honetan bertan izango dute hurrengo zita: Aramaioko Rallysprinta jokatuko dute datorren larunbatean. Lau txandatan ariko dira, eta eguerdiko 12:00etan hasiko da lehenengo tramoa. Bigarrenari, berriz, 16:00etan ekingo diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!