Arregi-Bergara eta Hernandez-Zabala txapeldun, Iturritxo Elkartea Torneoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 5a, 00:00
Iturritxo Elkartea Txapelketa jokatu zuten 16 esku pelotariak, domina eta trofeoekin, finalak bukatuta.

Xuhar Hernandezek eta Hegoi Zabalak irabazi zuten infantil mailako txapelketa, eta Inhar Arregik eta Ekai Bergarak alebin mailakoa, Latsunbeberriko eta Marielutseko Jaietan. Bestalde, izena emateko epea zabalik dauka CD Hernaniko esku pelota eskolak.

Iturritxo Elkartea Txapelketaren bederatzigarren edizioa jokatu dute asteburuan, Latsunbeberriko eta Marielutseko Jaietan, Urumea bailarako zortzi bikoterekin; eta honakoak izan dira dira txapeldun: Xuhar Hernandez eta Hegoi Zabala infantiletan, eta Inhar Arregi eta Ekai Bergara alebinetan.

CD Hernaniko 15 esku pelotari eta Umore Onako bat izan ziren partehartzaileen artean. Larunbat goizean jokatu zituzten semifinalak, eta igandean finalak. Eguraldi txarragatik, kiroldegiko frontoian jokatu behar izan zituzten partidu guztiak. 

Alebinetan, Arregik eta Bergarak mendean hartu zituzten Xuban Miranda eta Oihan Makatzaga; eta Haitz Labaka eta Adei Esteban nagusitu ziren Ekhi Lopezen eta Aimar Nietoren kontra. Finalean, Arregi eta Bergara gailendu ziren Labakaren eta Estebanen kontra; eta hirugarren postua Mirandak eta Makatzagak eskuratu zuten, Lopezi eta Nietori irabazita.

Infantiletan, berriz, Hernandezek eta Zabalak Maialen Esnal eta Araitz Legarreta menderatu zituzten semifinalean; eta Asier Iglesias eta Aratz Labaka izan ziren beste finalistak, Ekhi Galdosi eta Eneko Oiagari irabazita. Hernandez eta Zabala nagusitu ziren final horretan, eta Galdosek eta Oiagak eskuratu zuten hirugarren postua, Esnalen eta Legarretaren aurrean.

 

Izenematea zabalik, 
CD Hernaniko pelota eskolan

Bestalde, CD Hernaniko esku pelota sailak jakinarazi du, dagoeneko zabalik dagoela izenemate epea, pelota eskolan aritzeko. Atzotik apuntatu daitezke esku pelotan aritu nahi duten neska eta mutil guztiak, irailaren 30era arte. Horretarako, kiroldegiko frontoira joan behar dute, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, eta Rufino Rekalde ordezkariarekin hitz egin.

 

Bihar jokatuko dira Antiguako Txapelketaren finalak, 
eguraldiagatik atzeratuta

Beste hitzordu garrantzitsu bat ere bazuten bailarako esku pelo­tariek, joan den asteburuan, Donostian. Antiguako Txapelketaren finalak jokatu behar zituzten Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrek, larunbate­an; baina eguraldiagatik atzeratu egin behar izan zituzten: euri zaparradek goterak eragin zituzten Antiguako frontoian.

Hori horrela, bihar arratsal­dean jokatuko dituzte finalak, 18:00etan hasita. Promesa mai­la­koan ariko da Beñat Apezetxea, Unax Landa oiartzuarra­re­kin ba­tera, Iker Egiguren azpeitia­rra­­ren eta Aingeru Bernao­la ma­ñariarraren kontra. Antton Ape­ze­txeak, berriz, elitekoa jo­katuko du, Unai Amiano irundarrarekin; eta Jorge Fer­nández errioxarra eta Aratz Oliden oriotarra izango dituzte aurrez aurre. Hirugarren partidu bat izango du jaialdiak, eliteko emakumez­koen finala: Leire Garai eta Andrea Capellán, Olatz Arrizabalagaren eta Leire Galeanoren kontra.

Finalak zuzenean ikusteko aukera izango da internet bidez, YouTubeko Antiguako Pilotazaleok kanalean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!