Bailarako zazpi arraunlari banderaren lehian, aspaldiko Kontxako estropada irekienean

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 5a, 00:00

Bost segunduko tartean sailkatu ziren aurreneko lau traineruak, bai emakumezkoetan eta bai gizonezkoetan, Kontxako Banderaren lehenengo igandean. Bi astigartar eta bost hernaniar daude zortzi traineru horietan.

Aspaldi ikusi gabeko parekotasuna izan zen, herenegun, Kontxako Banderaren lehenengo igandeko ezaugarri nagusia. Estropada ikusgarria jokatu zuten, emakumezkoetan zein gizonezkoetan; eta bietan, bost segunduko tartean daude lau traineru onenak, datorren igandean ohorezko txandan arituko direnak.

Emakumezkoetan, pare-parean iritsi ziren Tolosaldea eta Arraun Lagunak bigarren txandan (10:37), aurreneko bi postuetan: 18 ehunenekoren aldea besterik ez zen izan tolosarren alde. Baina haiek ez dira izango bandera gosez bueltatuko diren bakarrak. Txanda berean, oso oso gertu iritsi zen Donostiarra ere, 2,16 segundura, Uxue Alberdi hernaniarra traineruan zela (Nahikari Qian Artano astigartarra ez zen aritu). Urrutiago geratu zen Hondarribia (10:59), beste bi hernaniarrekin: Miren Garmendia patroi gisa, eta Maider Perez aurrekalari lanetan.

Lehenengo txandan, berriz, jaun eta jabe izan zen Orio (10:42), Eider Barba hernaniarra tostetan zela. Bazekiten beste txandakoekin zeukatela lehia, eta Tolosaldeak baino 4,66 segundu gehiago behar izan zituen. Hori horrela, banderaren lehian izango dira haiek ere, datorren igandean. Oriok baino 14,92 segundu gehiago behar izan zituen Hibaikak (10:57), Jone Pastor hernaniarra traineruan zela. Kanpoan geratu ziren beste hiru hernaniar: Garazi Arabiotorre, Ihintz Larrañaga eta Nora Urbe. Eta haien atzetik sailkatu ziren Zumaia (11:04) eta Kaiku (11:15).

Hori horrela, datorren igandean, aurreneko txandan ariko dira Hibaika, Hondarribia, Zu­maia eta Kaiku; eta ohorezko txandan Tolosaldea, Arraun La­gunak, Donostiarra eta Orio. Bost segundu exkaxeko tartean daude lauak, eta edozeinek eskuratu dezake bandera.

Lehia estua, gizonezkoetan ere

Beste horrenbeste gertatu da gizonezkoetan ere: bost segunduko tartean daude aurreneko lauak. Kasu honetan, lehenengo txanda izan zen ezin estuagoa, traineru guztiak tarte txikiarekin helmugaratuta. Hondarribiak irabazi zuen txanda (19:22), eta segidan iritsi ziren Donostiarra (2,94 segundura), Orio (3,72 segundura) eta Zierbena (6,50 segundura). Donostiarrarekin aritu ziren Ander Balda astigartarra eta Iker Imaz eta Xabat Pastor hernaniarrak, eta ordezko gisa geratu zen Jon Iru­retagoiena patroi hernaniarra.

Bigarren txandan, Urdaibai nagusitu zen, eta ziabogan Hondarribiarekin 12 segunduko galera izan arren, denbora onena markatu zuen helmugan (19:20), 1,25 segunduko aldea lortuta. Ia minutu erdira iritsi ziren Cabo (19:48) eta Getaria (19:49), eta atzerago Ondarroa (20:01), Ivan Lopez hernaniarrarekin.

Hortaz, Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra eta Orio ariko dira ohorezko txandan, datorren igandean. Aurreneko txandan, berriz, Zierbena, Cabo, Getaria eta Ondarroa izango dira. Oso irekia izango da banderaren lehia, ohorezko txandako lauak oso tarte txikiarekin direla; baina ezustekoa eman dezake Zierbenak ere, aurreneko txandatik, bere maila onena emanez gero. Posible da txanda batetik bestera haizea eta itsasoaren egoera aldatzea ere...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!