Urumea bailarako 14 arraunlari ariko dira Kontxako estropadan, sei traineru ezberdinetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 2a, 00:00

Hondarribiarekin (aurrean) eta Hibaikarekin (atzean) ariko dira hainbat hernaniar, emakumezkoetan. Argazkia: Dani Novas

Hernaniko 'Maialen' traineruak ez du lortu txartela, urteko estropada nagusia lehiatzeko; baina 12 hernaniar eta bi astigartar izango dira bertan: bederatzi emakumezkoetan, eta bost gizonezkoetan. Bihar dute aurreneko zita.

Ia ezinezkoa zeukan ezustekoa ematea Hernaniko Maialen traineruak, Kontxako Banderaren sailkatze estropadan; eta itsaso nahasiak ere ez zion lagundu horretan. Azkenean, 16garren postuan sailkatu ziren hernaniarrak, eta horrekin, traineru denboraldia bukatu dute.

Edonola ere, ez da Urumea bailarako arraunlaririk faltako Kontxan, datozen bi igandeetan. Guztira, bertako 14 arraunlari ariko dira, 12 hernaniar eta bi astigartar: emakumezkoetan bederatzi, eta gizonezkoetan bost.

Asteazkenean jokatu zuten sailkatze estropada emakumezkoek, eta honakoak sailkatu ziren: Orio (12:23), Arraun Lagunak (12:31), Tolosaldea (12:36), Zumaia (12:57), Hondarribia (13:04), Hibaika (13:06) eta Kaiku (13:12). Txartela ziurtatuta zeukan Donostiarrak, hiriko ordezkari gisa. Hori horrela, Kontxan ariko dira Uxue Alberdi hernaniarra eta Nahikari Qian Artano astigartarra, Donostiarrarekin; Eider Barba hernaniarra, Oriorekin; Miren Garmendia eta Maider Perez hernaniarrak, Hondarribiarekin; eta Garazi Arabiotorre, Ihintz Larrañaga, Jone Pastor eta Nora Urbe hernaniarrak, Hibaikarekin.

Gizonezkoetan ere, txartela ziurtatuta zeukan Donostiarrak; eta beraz, Kontxan ariko dira Ander Balda astigartarra, eta Iker Imaz, Jon Iruretagoiena eta Xabat Pastor hernaniarrak. Beste hernaniar batek ere lortu zuen urteko estropada garrantzitsuenean aritzeko pasea, Ivan Lopezek, Ondarroarekin. Beraiek eskuratu zuten azkeneko txartela, zazpigarren sailkatuta (20:38), Lekittarrari bi segundu exkax aterata. Aurretik izan zituzten Zierbena (20:01), Hondarribia (20:16), Orio (20:17), Urdaibai (20:22), Cabo (20:33) eta Getaria (20:35).

 

Aurreneko estropada, bihar

Ohi bezala, bi estropadatan jokatuko da Kontxako Bandera, iraileko aurreneko bi igandeetan. Bihar daukate aurreneko zita, eta emakumezkoek ekingo diote, goizeko 11:00etan hasita. Aurreneko txandan ariko dira Hibaika, Orio, Zumaia eta Kaiku; eta bigarrenean Tolosaldea, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia. Gizonezkoen estropada, berriz, eguerdiko 12:00etan hasiko da. Donostiarra, Zierbena, Orio eta Hondarribia izango dira lehenengo txandan; eta Cabo, Getaria, Ondarroa eta Urdaibai bigarrenean.

Arraunlariak bakarrik ez, bailarako zale asko ere izango dira Donostian bihar, kolore ezberdinetako kamixetekin. Eta telebistan ikusi nahi duenak ere izango du aukera, zuzenean eskainiko baitu ETB1ek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!