Protagonista izanen dira esku pelotari goizuetarrak gaur, Donostian, Antiguako Txapelketaren finaletan: promesa mailakoa jokatuko du Beñat Apezetxeak, eta elitekoa Antton Apezetxeak. Unax Landa oiartzuarrarekin ariko da Beñat, Iker Egiguren azpeitiarraren eta Aingeru Bernaola mañariarraren kontra; eta Unai Amiano irundarrarekin jokatuko du Anttonek, Jorge Fernández errioxarraren eta Aratz Oliden oriotarraren kontra. Goizeko 11:00etan hasiko dira finalak, Antiguako frontoian; eta internet bidez ikusteko aukera ere izanen da, YouTubeko Antiguako Pelotazaleak kanalean.
Astearteko jaialdian lortu zuten pasea biek. Beñat Apezetxeak jokatu zuen semifinala aurrena, Landarekin batera, Oihan Etxeberria oiartzuarraren eta Carmelo Loza errioxarraren kontra; eta 22-19 nagusitu ziren. Aldapa gora jarri zitzaien partidua hasieran (0-6), baina gantxo eder batekin moztu zuen bolada txarra goizuetarrak, eta gerturatzea lortu zuten (5-8). Berriro egin zuten tartea kontrarioek (5-12), baina orduan eman zuten bere maila onena Apezetxeak eta Landak, eta 12na berdindu bakarrik ez, 16-13 aurreratu ere egin ziren. Beste bi takada izanen zituen partiduak oraindik: aurrena, bost tanto segidan egin zituzten Etxeberriak eta Lozak (16-18); baina ondoren, zuzenean egin zuten 22rako bidea goizuetarrak eta oiartzuarrak (22-19).
Errematean fin ibili zen Apezetxea, eta 12 tanto eginda bukatu zuen: «Hutsak ere nahi baino gehiago egin ditut, baina aurrera atera dugu partidua, eta oso pozik gaude», adierazi zuen.
Antton Apezetxea nagusi, Ekain Lizeagarekin lehian
Jaialdiko azkeneko partiduan jokatu zuten elite mailakoa, Urumea bailarako bi esku pelotarik: Antton Apezetxeak, Unai Amianorekin; eta Ekain Lizeaga astigartarrak, Julen Alberdi zizurkildarrarekin. Goi-mailako partidua izan zen, oso oso gogorra; eta goizuetarrak irabazi zuen azkenean, bailarako atzelarien arteko lehia (16-22).
Lizeaga izan zen nagusi aurreneko tantoetan, indartsu; eta horri esker, 2-7 aurreratu ziren markagailuan. Atsedena eskatu zuten gorriek orduan, eta hortik aurrera, parekatu egin zen partidua, 12na jartzeraino. Atzeko koadroetan ere, berdindu egin ziren indarrak, eta pixkanaka nagusitzen hasi zen Apezetxea. Etengabeak izan ziren berdinketak markagailuan, hurrengo tantoetan; baina 16nakoarekin bukatu zen oreka: hortik aurrera, sendo eutsi zioten urdinek, eta aldiz, huts egin zuten gorriek.
«Beraiek oso indartsu hasi dira, eta nahikoa lan izan dugu hasieran, baina eman diogu buelta pixkanaka», adierazi zuen Antton Apezetxeak: «Hasieran aise dominatu nau Ekainek atzean, nik baino kolpe gehiago dauka. Defendatzen nahiko lan izan dut, eta ez dut nahi bezainbeste gozatu. Baina partidua luze joan da, gogortu egin da, eta ondo eutsi dit. Gehixeago jotzen ere hasi naiz. Gustura nago jokatutako partiduarekin».
Ekain Lizeagak, berriz, aitortu zuen «momentu klabean» egin zituztela hutsak, eta ihes egin ziela partiduak: «Bagenekien partidu gogorra izango zela, Anttonek ez zuela huts egingo atzean. Hasieran ondo aritu gara, ni dominatzen eta Julen aurrean asmatzen; baina bukaeran gehiago kosta zaigu».