Aurten ere erremonte jaialdia antolatu du Kronikak. Irailaren 29an ospatuko da hirugarren edizioa, eta berritasun ugari izango ditu aurtengo egitarauak. Erremonte jaialdiaz gain, pintxoak, sagardoa, ikuskizunak eta Urumea bailarako zenbait sortzaileren postuak izango dira Galarretan. Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira ekintzak, eta arratsaldean zehar sorpresa batzuk ere jasoko dituzte bertaratzen direnek.
ERREMONTEA
Erremontea izango da jaialdiaren muina. Hiru bikotek jokatuko dute aurtengo edizioan, bailarako herri bana ordezkatuz. Bikoteak osatzea falta den arren, hauek izango dira jaialdian parte hartuko duten erremontariak: Aitor Aiestaran 'Notayo', Julen Loitegi, Oier Apezetxea, Aritz Zubiri, Ander Goikoetxea eta Urtzi Gurrutxaga.
Bikote parekatuak kantxaratuko dira, eta triangular formatuan jokatuko dute. Bikote guztiek elkarren kontra jokatuta, partidu gehien irabazten dituena izango da garailea. Aurreko edizioetan tanto ederrak ikusi izan dira Galarretan, eta udarako partidu kopuru haundiaren ostean, sasoi betean iritsiko dira erremontari guztiak.
SAGARDOA ETA PINTXOAK
Erremonte jaialdiarekin batera, zabalik egongo da Galarretako taberna. Bertan bailarako sagardotegietako sagardoa eta pintxoak dastatzeko aukera izango da. Oraindik ixteko dagoen zerrendan, jada 20 sagardotegik baino gehiagok eman dute baiezkoa bertan parte hartzeko. Beraz, momentuz, sagardotegi hauetako produktuak dastatzeko aukera izango da Galarretan: Akarregi, Alberro, Altzueta, Artola, Elorrabi, Elutxeta, Gartziategi, Goiko-Lastola, Gurutzeta, Iparragirre, Itxas-Buru, Larre-Gain, Lizeaga, Oialume Zar, Olaizola, Otsua-Enea, Oyarbide, Petritegi, Zapiain, Zelaia eta Eula.
Sarrera erostearekin batera, lehenengo pintxoa eta sagardo tragoa hartzeko aukera izango da. Pintxo ezberdinak izango dira.
IKUSKIZUNAK
Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira ekintzak Galarretan. Erremonte partiduekin hasi aurretik, motorrak berotzeko, bestelako kirol ikuskizun bat ikusteko aukera izango da. Bailarako zenbait kirol talderen arteko apustua jokatuko da frontoiaren inguruan. Herri kirol apustu formatua izango du probak, eta herrien arteko lehia sanoa azaleratuko da bertan.
Horrez gain, kirol jarduerez gain, dantza ikuskizun batekin girotuko dute Galarreta erremonte partiduetako atsedenaldietan. Gainera, musikarik ere ez da faltako festa giroa uneoro mantentzeko.
Hiru bikotek ordezkatuko dituzte kantxan bailarako herriak. Erremonte jaialdiaz gain, dantza ikuskizuna, bailarako sagardotegietako sagardoa eta sortzaileen postuak izango dira.
SORTZAILEAK
Iazko formatuaren gisara, aurten ere Urumea bailarako sortzaileek postuak jarriko dituzte jaialdian. Guztira lau sortzaileren produktuak izango dira eskuragarri. Txirikorda proiektuko Garazi Loiartek konplementuz osatutako postua jarriko du; Koloreztatu proiektuko Ana Velezek xaboiak eta kosmetika produktuak eramango ditu; Maitandu Makrameko Maitane Anduezaren makrame produktuak ere izango dira; eta Hiruloretxo proiektuko Begoña Gurrutxagak telazko poltsak jarriko ditu postuan.
SARRERAK
Jaialdira joateko sarrerak laster jarriko dira salgai bailarako zenbait gunetan. Salmenta puntuak ohikoak izango dira eta aurrerago zehaztuko dira zeintzuk izango diren eta noski, Kronikan (Hernani) bertan ere erosi ahalko dira. Galarretan ere sarrerak eskuratzeko aukera izango da jaialdiaren egunean bertan. Salmenta prezioa 12 eurokoa izango da, eta prezioan sartuta daude lehenengo tragoa eta pintxoa.