Amaierara iristen ari da Antiguako Pelota Txapelketa, eta azken faseetan arituko dira Urumea bailarako zenbait pelotari. Promesa mailan lehiatuko du Beñat Apezetxea goizuetarrak, Landarekin batera. Gorengoen mailan, berriz, Ekain Lizeaga astigartarra eta Antton Apezetxea goizuetarra arituko dira, Alberdi eta Amianorekin, hurrenez hurren.
Lehenengo faseko bi partiduak irabazita iritsi dira finalerdietara Beñat Apezetxea eta Landa. 22-20 menderatu zuten Irribarria-Gabirondo bikotea, eta 16-22 irabazi zuten Eñaut Lizeagaren eta Santestebanen aurka. Gaurko partiduan Etxeberria-Loza bikotea izango dute aurrean, irabazitako eta galdutako partidu banarekin sailkatutako bikotea.
Antzekoa izan da Julen Alberdiren eta Ekain Lizeagaren ibilbidea. Erraz lortu zuten Fernandezen eta Olidenen aurkako garaipena, 22-12 irabazita, eta nagusitasunarekin bukatu zuten fasea, Etxaniz-Gartzia bikotearen aurka 22-13 irabazita. A multzoko lehenengo postuan sailkatu dira, eta B multzoko bigarren bikotearen aurka jokatuko dute orain; Amianoren eta Antton Apezetxearen aurka, hain zuzen. Beraz, ezin izango dira bailarako pelotari guztiak finalera iritsi.
Amianok eta Apezetxeak ezin izan dituzte bi garaipenak lortu. Lehenengo neurketan irristada txiki bat izan zuten, Olaetxearen eta Azpirozen aurka 22-13 galduta. Hala ere, ez zuten konfiantzarik galdu, eta sailkapena iraultzea lortu zuten, De la Fuente-Peñalver bikotearen aurka 12-22 irabazita.
Finalerdietako partiduak arratsaldeko 18:30etatik aurrera jokatuko dituzte, Antigua auzoko pelotalekuan.