Goñi aita-semeak aurrena eta bigarren, Irlako zeharkaldian

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 28a, 00:00

Enaitz Goñik erakustaldia eskaini zuen, alde haundiarekin garaipena lortuz, Luis aitaren aurretik.

Enaitz eta Luis Goñi aita-semeek lehendabiziko postuan eta bigarren postuan amaitu zuten atzo, Donostiako Irlako Itsas Zeharkaldia. 24garren edizioan Enaitzek erakustaldia eskaini zuen eta abantaila haundiarekin lortu zuen garaipena, Luis aitaren aurretik.

Itsasoaren egoera txarraren ondorioz zeharkaldia Kontxako Badia barruan egin zen, 3.000 metroko distantzian. Enaitz Goñik hasieratik hartu zuen aurrea eta 38 minutu eta 38 segundu behar izan zituen itsas ibilbidea osatzen. Luis Goñi hiru minutu eta 20 segundura iritsi zen eta Iñaki Burgoy donostiarra hiru minutu eta 28 segundura.

 

Bi garaipen semeak eta bost aitak, Irlako zeharkaldian

Goñi gaztea bi aldiz irten da zeharkaldi honetan eta bietan lortu du garaipena. Luis Goñik bost aldiz irabazi du eta bien artean zazpitan lortu dute gailentzea Atletico San Sebastianek antolatzen duen proban. Astigartarrak pozik zeuden proba amaitu eta gero, lehenengo bi postuetan.

Bailarako igerilari gehiagok hartu zuten parte. Nesketan, Itsaso Tolosak bosgarren amaitu zuen eta mutiletan Peru Alfarok hamaikagarren. Guztira hamabost uretaratu ziren, hamar hernaniar eta bost astigartar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!