Antiguako Torneoko finalerdietara, Urumea bailarako hiru esku pelotari

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 25a, 00:00

Eñaut Lizeaga ez da sailkatu finalerdietara.

Txapelketaren azken txanpan dira Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrak, eta Ekain Lizeaga astigartarra.

Antiguako Torneoko finalerdiak erabakita geratu dira, asteazkenean ligaxkako azken partiduak jokatu eta gero. Urumea bailarako lau pelotarik jokatu zuten, eta hiru sailkatu dira finalerdietara. Txapelketatik kan­po geratu den bakarra Eñaut Lizeaga astigartarra da, promesa mailan, Belokirekin batera. Sailkatu direnak, berriz, Ekain Lizeaga astigartarra eta Antton Apezetxea goizuetarra elite mailan, eta Beñat Apezetxea goizuetarra promesa mailan.

Promesa mailan, Beñat Apezetxeak eta Landak bere bi partiduak irabazi zituzten ligaxkan, semifinaletara sailkatzeko. Eñaut Lizeagak eta Belokik, berriz, azkeneko jardunaldian jokatu zuten sailkapena, Irribarri­aren eta Arroitaren aurka; baina 22-5 galdu zuten. Horrekin, eta ligaxkako lehenengo partidua ere galduta, kanpoan geratu dira.

Zorte hobea izan zuen Lizeaga anaietan zaharrenak, Ekainek, elite mailan. Julen Alberdirekin batera, 22-13 irabazi zuen Ander Etxanizen eta Markel Gartziaren kontra, Senarren eta Lazkozen ordezkoak. Zortzi tanto nahikoak zituzten zizurkildarrak eta astigartarrak, bigarren postua eskuratu eta semifinaletara txartela bermatzeko; baina ez ziren horrekin konformatu, eta ezta lidergoa ziurtatzen zieten 18 tantoekin ere. Partidua irabazi zuten, eta erakutsi zuten txapela janzteko hautagai nagusiak direla.

 

Asteartean jokatuko dituzte finalerdiak

Elite mailan, bailarako finalista bat ziurtatuta dago, lehenengo semifinalean ariko baitira Julen Alberdi-Ekain Lizeaga, eta Unai Amiano-Antton Apezetxea. Datorren asteartean jokatuko dute. Aurretik, promesa mailan, Beñat Apezetxeak eta Landak jokatuko dute finalerdietako bat, Oihan Etxeberriaren eta Lozaren aurka. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da jaialdia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!