Juaneneak senda agiria aurkeztu du eta gaur Ansaren aurka lehiatuko da

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 24a, 00:00

Ansa finalerdietara sailkatuta dago eta finalera ere sailkatu daiteke.

3garren jardunaldiko lehenengo partidua 17:30etan hasiko da eta gauza asko daude lehian Galarretan.

Endika Barrenetxearen aurkako partidutik erretiratu eta bi egunera, Aritz Juaneneak Oriamendiko arduradunei jakinarazi zien gaur Ansaren aurka jokatzeko prest dagoela. Buruz burukoaren ligaxkako bosgarren partidua izango da, hirugarren jardunaldiko lehenengoa, gaur 17:30etatik aurrera jokatuko da. 

Enpresaren baldintza bakarra zen senda agiria aurkeztea eta Saldiasko atzelariak asteartean aurkeztu zuen. Era berean, Oriamendik Juaneneari jakinarazi dio «Ansaren aurkako norgehiagoka amaitzen ez badu, Banakakotik kanpo geratuko dela automatikoki», ligaxka bigarren edo hirugarren amaitu eta irailaren 2ko finalerdietarako sailkapena lortu ala ez. 

Gaurko Ansa II-Juanenea eta etzi Galarretan jokatuko den Urriza-Barrenexea IV.ak erabakita utziko dute ligaxkako sailkapena. Oraindik argitu gabe dago nor igaroko den finalera eta nortzuk lehiatuko diren finalerdian. Hamazazpi tanto, larunbatean lortu zituen berberak, nahikoa ditu Juaneneak Urriza azken postuan uzteko, Saldiasko atzelariaren ordezkoa izango litzatekeena beste erretiro baten kasuan.

Ansak partidua irabazten badu, 10 punturekin, sailkapenaren lehenengo postuan jarriko litzateke, baina Barrenetxeak, etzi, 27 tanto eginez gero finalera sailkatuko litzateke hernaniarra. Ansa finalerdietara sailkatuta dago eta finalera zuzenean sartu nahi baldin badu gaur irabazi beharra du eta azken partiduaren emaitzaren zain geratu. Urrizaren aukerak urriak dira fasez pasatzeko. Juanenearen erretiroa behar du edota partidua irabazi eta Saldiasko erremontista gaur 17 tantora ez iristea.

Aurrelari nafarrak gaur bertan jakingo du aukerak dituen edo ez finalerdietara sailkatzeko.

 

Gaurko jaialdia 16:30etan hasiko da Aiestaranekin eta Apezetxearekin

Gaurko jaialdia 16:30etan hasiko da eta lehenengo partiduan Aiestaran eta Apezetxea elkarren aurka ariko dira. Atzelari hernaniarrak Urrutia izango du bikote eta atzelari goizuetarrak Irazu. Etziko jaialdia 18:00etan hasiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!