Gipuzkoako zerga bilketa metatua %2,3 da ekainera arte

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 23a, 00:00

Foru erakundeak aurreko aurreko urtean baino 60,3 milioi euro gehiago bildu ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-ogasunek 6.820,6 milioi euro bildu dituzte zerga itunduengatik urteko lehen seihilekoan, hau da, 2022ko lehen sei hilabeteetan baino %6 gehiago, eta 387,5 milioi gehiago. Bilketaren igoera moteldu egin zen ekainean, maiatzean gorakada %9,2koa izan baitzen.

Zerga bilketa metatua %2,3 hazi da Gipuzkoan uztailera bitarte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 2.715 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2022an baino 60,3 milioi euro gehiago jaso dira. Sarrera gordinak %1,8 igo dira, eta itzulketak %0,5. Zuzeneko zergak %6,1 haunditu dira, zeharkako zergak %1,5 jaitsi dira eta Estatuarekiko kontuak %0,4 haunditu dira.

Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin hasita, lan atxikipenen atalean 84,6 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%8,6). PFEZa bere osotasunean hartuta igoera zertxobait txikiagoa da, %8,3 igo baita bilketa aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 82,6 milioi euro gehiago. Bestalde, Sozietateen Gaineko Zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbia 5,6 milioi igo da: sarrera gordinak 6,2 milioi euro hazi dira, eta itzulketak 0,6 milioi eurotan haunditu dira.

Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %2,1 murriztu da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 15,8 milioi euro gutxiago: 90 milioitan igo dira sarrerak (+%10,6), itzulketak 25,1 milioi eurotan gutxitu dira (-%4,7) eta lurraldeen arteko kontuak 130,9 milioi eurotan txikitu dira (-%29,9). Zerga berezien kasuan, 6 milioi euro gutxiago jaso dira Hidrokarburoen gaineko Zergan (-%2,5) eta 2,2 milioi berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zergan. Azkenik, Estatuarekin egiten diren kontuetan bilketa metatua, joan den urteko epe beraren aldean, 29,6 milioi jaitsi da BEZean eta 30,5 milioi hobetu da zerga berezietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!