Markel Lizeaga txapeldun Burlatan, eta Ekain Lizeaga Aste Nagusian

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 20a, 00:00

Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga, Carmelo Arguelles Txapelketako finala jokatu ondoren.

Carmelo Arguelles Txapelketa irabazi zuen hernaniarrak, eta Donostian jantzi zuen txapela astigartarrak.

Bi txapel jantzi dituzte Urumea bailarako esku pelotariek, aste honetan. Batetik, asteartean, Car­melo Arguelles Txapelketa ira­bazi zuen Markel Lizeaga hernaniarrak, Burlatan, Oskoz nafarrarekin batera. Xabier Apaolaza hernaniarra eta Cuairan nafarra izan zituzten kontrario, eta 22-5 nagusitu ziren. Cuairanek agindu zuen atzean hasieran, baina Lizeagak ondo eutsi zion aurrena, eta bera izan zen nagusi peloteoan gero, partiduaren erdialdetik aurrera. Aurrean, berriz, Apaolazak ezin izan zuen Cuairanen hasierako nagusitasuna aprobetxatu, eta errematean biziago ibili zen Oskoz. Ordu erdi exkaxean lortu zuten garaipena, eta denboraldiko 16garren txapela eman dio Lizeagak CD Hernaniri.

Asteko bigarren txapela Ekain Lizeagak lortu zuen ostegunean, Donostiako Aste Nagusiko Txapelketan. Julen Alberdi zizurkildarrarekin batera, elite mailako finala jokatu zuen astigartarrak, Trinitate plazan, Oskozen eta Arangurenen kontra. Oso partidu lehiatua izan zen, eta 22-17 nagusitu ziren, txapela janzteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!