Goizueta-Leitza errepideak uneoro itxita segiko du beste astebetez

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 20a, 00:00

Errepideko egokitze lanen egoera dela eta, datorren larunbatera arte mantenduko dute itxita errepidea, gau eta egun.

Beste astebetez jarraituko du itxita Goizueta eta Leitza arteko errepideak, goiko zentraleko bi kurbak egokitzeko lanak direla eta. Azkeneko aurreikuspenen arabera, gutxienez abuztuaren 26ra arte egonen da itxita, egunez zein gauez, obren egoera dela eta. Aldaketarik balego, unean-unean jakinaraziko dute.

Duela hilabete pasatxo hasi zituzten bi kurbak egokitzeko lanak, eta uztailaren 17tik aurrera, errepidea itxita izan da tarteka. Goizuetako Udalaren eskariz, hasieran adostu zuten errepidearen mozketa ez izatea erabatekoa: asteburuetan zabalik egotea, edota lan orduetatik kanpo ere irekitzea. Baina obren zailtasunagatik, erabat itxita dago errepidea uztailaren 24tik, egunez zein gauez, eta baita asteburuetan ere.

Errepidea itxita dagoela gauza jakina da Urumea bailaran, baina ez hainbeste bailaratik kanpo, dirudienez, eta ezustekoak izan dituzte zenbaitek. Izan ere, Goizuetan jarri dituzte errepidearen mozketa iragartzen duten kartelak, ez ordea Hernanin, errepidearen hasieran. Hori horrela, Hernanitik Basakabira bidean doazenek, Goizuetan eman behar izaten dute buelta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!