Finala gaur Burlatan, Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 15a, 00:00

Xabier Apaolaza esku pelotari hernaniarra.

Elkarren kontra ariko dira bi hernaniarrak, 19:30etan hasita, Carmelo Arguelles Txapelketaren finalean.

Finala jokatuko dute gaur, Burlatan, Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga esku pelotari hernaniarrek. Baina bikotea osatuta ez, elkarren kontra ariko dira gaurkoan, Carmelo Arguelles Txapelketa irabazteko lehian: Cuairan nafarrarekin jokatuko du Apaolazak, eta Oskoz nafarrarekin Lizeagak, 19:30etan hasita.

Final parekatua espero da. Litekeena da Cuairanek agintzea atzeko koadroetan, oso indartsua baita bi eskuekin, baina Lizeagaren defentsak eta segurtasunak orekatu dezake balantza. Aurreko koadroetan, berriz, ziurtatuta dago ikuskizuna, tantoak erraz bukatzen dituzten bi aurrelarirekin. Eskarmentu haundiagoa dauka Oskozek, baina erregularragoa da hernaniarra.

Eñaut Lizeaga eta Beñat Apezetxea, Antiguako Txapelketan bihar

Donostiako Antiguako Txapelketan, bestalde, bihar egingo dute debuta Eñaut Lizeaga astigartarrak eta Beñat Apezetxea goizuetarrak, promesetan. Elkarren kontra ariko dira haiek ere: Belokirekin jokatuko du Lizeagak, eta Landarekin Apezetxeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!