June Baldak 11garren amaitu du 19 urtez azpiko Munduko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 9a, 00:00

June Balda eta Haizea Gozategi.

Parisen jokatu dira txapelketak eta Haizea Gozategi Urbieta oriotarrarekin batera aritu da lemazain gabeko bikoan.

June Balda Berra astigartarrak eta Haizea Gozategi Urbieta oriotarrak hamaikagarren amaitu dute, Parisen jokatu berri den, 19 urtez azpiko Munduko Txapelketan, aulki mugikorrean. Bi arraunlariak lemazain gabeko biko ontzian aritu dira eta finalerdietara sailkatzea lortu zuten, kanporaketak gainditu eta gero. Finalerdian ez zuten sei onenen artean sartzerik izan.

Honela, B Finalean aritu ziren eta bertan bosgarren postua lortu zuten. Final nagusian Errumania izan zen irabazle, Greziaren eta Australiaren aurretik. 

June Balda Berra eta Haizea Gozategi Urbieta Ur Kirolak taldeko arraunlariak dira eta elkarrekin nazioarte mailako txapelketa ezberdinetan aritu dira emaitza onak lortuta. Pasa den maiatzean, hirugarren postua lortu zuten Brive la Gaillarden (Frantzia) 19 urtez azpiko Europako Txapelketan. Munduko Txapelketan maila altuagoa izan da eta hori nabaritu da emaitzetan.

 

'Maialen' seigarren, Ondarruko banderan

Tostako arraunean, Hernanik emaitzak hobetzen jarraitzen du. Aurreko larunbatean Ondarrun jokatu zen estropada eta Maialen traineruak seigarren amaitu zuen Ondarruren eta Portugaleteren aurretik. Azken estropadetan seigarren postua behin baino gehiagotan lortu dute eta azken estropadan hirugarren postua ere oso gertu izan zuten. Hobekuntza nabaria da eta oraindik lau estropada geratzen dira ETE Liga amaitzeko. 

Sailkapen nagusian zazpigarrenak dira eta azkenaurreko postutik irtetea saiatuko dira, zaila izan arren. Sei puntura dute Ondarru. Asteburu honetan Pasaiako estropada izango da larunbatean 11:30etan hasita Pasaiako bokanan.

Gero geratuko diren hiru estropadak Zarautzen, Bilbon eta Lutxanan izango dira eta denboraldia amaitzeko Kontxarako sailkapen estropada geratuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!