Bailarako igerilariak emaitza esanguratsuak lortzen ari dira

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 8a, 00:00

Iñigo Llopisek bigarren urrezko domina lortu zuen, erreleboan, Munduko Txapelketan eta Enaitz Goñi Espainiako Txapelketan onenekin aritu da.

Hernaniko eta Astigarragako igerilariek igerilekuko denboraldia amaitu berri dute eta emaitza esanguratsuak lortu dituzte azken txapelketa garrantzitsuenetan. Iñigo Llopisek bigarren urrezko domina eskuratu zuen pasa den larunbatean Manchesterren jokatu diren Munduko Txapelketa Paralinpiarretan. Oraingo honetan ez zen proba indibidualean izan, Espainiarekin 4x100 estilo mixto proban jantzi zuen urrea.

Hain zuzen ere, Llopisek eman zion hasiera erreleboari bizkarreko probarekin, bere espezialitatearekin. Lehen 100 metroetan oso errelebo ona egin zuen eta bere taldea lehen postuan jarri zuen 1:05.77ko denborarekin, Argentinaren (+0.22) eta Australiaren (+1.73) aurretik. Nahiz eta bigarren eta hirugarren erreleboan lehenengo postua galdu, garaipena lortu zuten amaieran Italiaren eta Brasilen aurretik.

 

Enaitz Goñi Malagan, Espainiako Txapelketan

Bestetik, absolutu mailan Enaitz Goñi Malagako Espainiako Txapelketan aritu zen uztaila amaieran. 200 metro bizkar proban B finalera sailkatzea lortu zuen. Absolutu gazte mailan, seigarren amaitu zuen finalean 2:09.18ko denborarekin. 

200 eta 400 metro libre probetan ere aritu zen. Lehenengo egunean 400en hartu zuen parte eta 14garren postuan amaitu zuen bere mailan. 4:09.67ko denborarekin bere marka onenetik oso gertu geratu zen. 200 metro librean hamabigarren amaitu zuen 1:56.05eko denborarekin. Hemen ere gertu geratu zen bere markarik onenetik. Txapelketa amaieran zapore gazi-gozoarekin amaitu zuen Goñik. «Nire denborak ez ditut jaistea lortu. Hori bai, ehuneneko gutxira geratu naiz hiru frogetan».

Itsaso Tolosa hernaniarra Buruntzaldeako entrenatzaile gisa ere bertan izan zen.

 

Itsas zeharkaldietan, Luis Goñi protagonista 

Udararekin batera ur irekietako trabesiak hasten dira eta dagoeneko hainbat egin dira. Luis Goñi hernaniarrak Debako eta Santurtziko zeharkaldietan partehartu zuen 2.500 metroko probetan eta bietan lortu zuen garaipena 50 urterekin. Datorren astean Paseo Berriko zeharkaldia izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!