Hazinnova ziurtagiria jaso dute Urumea bailarako lau enpresa berritzailek

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 1a, 00:00

Iparragirre Sagardotegia da akreditazioa jaso duen enpresetako bat.

Enpresa berritzailearen akreditazioa jaso dute gauzatutako zenbait egitasmo eta proiekturengatik. 

Hazinnova enpresa berritzailearen akreditazioa jaso dute Urumea bailarako lau enpresak; Hernaniko Iparragirre Sagardotegiak, Manufacturas HEPYC-k eta Productos Químicos FM 2005-k, eta Astigarragako Nicrom-ek. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, SPRIren eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik jaso dute ziurtagiria, «berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituztelako beren erakundeetan, merkatuan duten posizioa hobetzeko».

Aipatutako enpresek arlo ezberdinetan gauzatu dituzte proiektu berritzaileak: «Produktuetan, negoziazio prozesuetan, fabrikazioan, logistikan, merkaturatzean, administrazioan edo finantzetan egin dituzte», azaldu dute antolatzaileek. 

2022ko deialdian jaso dute saria bailarako lau enpresa hauek. Guztira, 2.760.000 euroko aurrekontua izan du Hazinnova programak, eta jarraipena izango du datorren urtean ere. Zabalik dago jada Hazinnova 2023 deialdia, eta interesa duten enpresek urriaren 26ra arte eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Oraingoan ere 2,7 milioi euroko aurrekontua izango du programak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!