Enpresa-eraldaketa sustatzeko, lankidetza hitzarmena berritu du Bazkundeak, zenbait enpresekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 21a, 00:00

Digitalizazio prozesuetan aurrerapausuak ematen jarraitzea adostu dute.

Wolters Kluwer eta Ukabirekin berritu du hitzarmena Gipuzkoako bazkundeak, eta Gipuzkoako enpresen digitalizazio prozesuan pausuak ematen jarraitzea adostu dute.

Enpresa eraldaketa eta digitalizazioa sustatzeko asmotan, hitzarmena berritu du Gipuzkoako Bazkundeak Wolters Kluwer eta Ukabi enpresekin. Lehena bulego profesional eta enpresentzako software, informazio eta zerbitzuen soluzioen garapenean liderra da. Bigarrena, aldiz, Bazkundearekin lanean aritu da orain arte TicketBAI sistema Gipuzkoako txikizkako merkataritzan eta mikroenpresetan ezartzen. Hala, hiru erakundeek lehendik hasitako lankidetza-harremana finkatu dute; izan ere, bi enpresa teknologikoak Bazkundearekin elkarlanean aritu ziren TicketBAIri buruzko kontzientziazio eta aholkularitza kanpainan. 

Sinatu berri duten hitzarmenak barne hartzen ditu Gipuzkoa osoko enpresen digitalizazioan, eraldaketan eta berrikuntzan laguntzen duten edukiak; hala nola, doako prestakuntza baliabideak: «Akordioak eraldaketa digitala sustatuko du, eta aukera emango die inguruko enpresei Wolters Kluwerrek bere kanal digitalen bidez (bloga, webinarrak, ebookak, azterlanak eta infografiak) lan, zerga, kontabilitate eta kudeaketa arloetan garatzen eta zabaltzen dituen edukiak lehentasunez eskuratzeko. Gainera, Wolters Kluwer eta Ukabi zerbitzuak baldintza berezietan eskuratu ahal izango dituzte», azaldu dute Bazkundetik.

Horrez gain, Bazkundeko ikasleen eskura jarriko dituzte lan-arloko soluzio teknologikoen, bulegoen kudeaketaren eta enpresen kudeaketaren inguruko doako prestakuntza-demoak. Gainera, hitzarmena sinatu duten bi enpresek ere parte hartuko dute Gipuzkoako Bazkundeak antolatutako zenbait ekitalditan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!