'Urak elkartuta' liburua argitaratu du Añarbek, Mankomunitatearen sorrera eta ibilbidea azaltzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 20a, 00:00

Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartearekin batera osatu dute liburua, eta Mankomunitatearen sorrerari buruzko pasarteak bildu dituzte.

Añarbek, Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartearekin batera, 'Urak elkartuta' liburua argitaratu du. Liburuaren helburua Mankomunitatearen sorrerari eta ibilbideari buruzko azalpenak ematea da: «Gure inguruko horniduraren, saneamenduaren eta arazketaren historiaren ibilbide bat da, eta zerbitzu horiek behar bezala eta kalitatez emateko beharrezko azpiegiturez hornitzeko Mankomunitateak aurre egin behar izan dien erronkak biltzen ditu». 

Liburuaren egileak Iñaki Etxaniz eta Iñigo Imaz historialariak dira, eta Añarbeko historian protagonista izan diren zenbait pertsonen laguntza jaso dute; hala nola, Tomás Eizmendi lehen presidentearen semearena, José Ramón Luzuriaga Mankomunitateko lehen ingeniari aholkulariarena, edota Victor Gascon Mankomunitateko lehenengo langilearena. 

Liburua idatzeko «ikerketa historiko zehatza» egin dute egileek: «Añarbeko Uren historia 1968an hasi zen ofizialki, Mankomunitatea sortu zenean. XIX. mendearen amaieratik biztanleriaren hazkundearen ondorioz egiten ari ziren baliabide hidrikoen etengabeko bilaketari behin betiko erantzuna ematea zuen helburu». Gainera, egileek nabarmendu dute historia «ezezaguna» bada ere, «ezinbestekoa» dela gaur egungo Gipuzkoa ulertu ahal izateko. 

Liburua eskuragarri dago jada Añarberen webgunean (https://agasa.eus/eu/), eta liburutegi nagusietan egingo dute banaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!