Bailarako bikoteak igaro ziren finalera, Txomiñenen

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 18a, 00:00

Bailarako hiru pelotarik jokatuko dute finala.

Lizeaga anaiek nagusitasunez irabazi zuten partidua, eta Elolak eta Apezetxeak ere finalerako txartela lortu zuten.

Igande arratsaldean jokatu ziren Santio Jaietako Elite Mailako lehenengo Pilota Txapelketako finalerdiak. Etxean jokatzea egokitu zitzaien Eñaut eta Ekain Lizeaga anaiei, eta erraz hartu zituzten mendean Egiguren eta Beloki. Astigartarrek hasieratik erakutsi zuten gehiago zirela, eta 22-13 irabazita finalerako txartela eskuratu zuten. 

Bigarren finalaurrekoan Beñat Apezetxeak ezin izan zuen jokatu eskuko minagatik, eta Elolak hartu zuen goizuetarraren lekua, Antton Apezetxearekin batera. Etxeberria  eta Oliden izan zituzten aurrean, eta estu mantendu zen markagailua partidu guztian. Azkenean Elolak eta Apezetxeak lortu zuten garaipena, 22-19. 

Final haundia larunbat honetan jokatuko dute Lizeagatarrek, Elola-Apezetxea bikotearen aurka, eguerdiko 12:00etan. Ordu bat lehenago, 11:00etan, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidua jokatuko da, eta Beñat Apezetxeak Oihan Etxeberriaren ordez jokatuko du. 

Papelera Zikuñaga Txapelketako partiduak, gaur

Bien bitartean, aurrera jarraitzen du V. Papelera Zikuñaga Txapelketak. Gaur hiru partidu gehiago jokatuko dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Hernaniko Kiroldegiko pelotalekuan. Kadeteetan Pascual eta Alonso (Abantzu-Hernani), Zabalaren eta Alberdiren (Mundarro-Hernani) aurka arituko dira; jubeniletan Etxaniz-Egaña (Azkoitia) bikoteak Gorostidi-Alberdi (Mundarro-Hernani) bikoteari egin beharko dio aurre; eta nagusietan, senior mailan, Salaberriak eta Urruzolak (Hernani-Pagazpe) Aranbururi eta Alkantarari (Behar Zana-Zumaia) egin beharko diete aurre. 

Asteburuko emaitzei dagokienez, larunbatean jokatutako partiduak honela amaitu ziren: Pascual-Alonso 18-13 Zufiria-Oñate; Zabala-Alberdi 18-6 Arretxe-Alberdi; Armaolea-Elizegi 18-4 Lasa-Aranburu; Zabala-Etxeberria 18-16 Otxoa-Lizarraga; eta Larrañaga-Larrañaga 18-8 Sasiain-Conde.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!