Euskal Herria 2, munduko beste txokoak esperantza! Ion Izagirrek bigarren euskal garaipena lortu du Tourrean, eta Tourra gure aberrian hasi izanari hauspoa eman. Erakustaldia egin du Ormaiztegikoak, bai hanka zuztarrez, baita buruz ere, eta bakarrik helmugaratu, garaipenaz lasai gozatzeko. Etapa eroa izango zela jakina zen, eta hala izan da. Eguneko ihesaldian sartzeko gatza behar zen zango sagarretan, eta Ion eraso saiakera askotan ibili da, lasterketa buruan, sartu, ez sartu.
Lehen ordubetean 47 kilometro orduko batez bestekoa lortu du tropelak, tartean hirugarren mailako bi mendate bazeuden ere, eta oso kostata egin da ihesaldia. Egin denean, nola ez, ona, odol garbiko zaldi askorekin: Pinot, Alaphilippe, Jorgenson, Van der Poel, Benoot... Jumbok lasterketa lasaitzeko hartutako erabakia probestu dute aurrekoek hiru minutuko zuloa irekitzeko, eta etapa garaipena euren artean erabaki da.
Van der Poel grinatsu aritu da etaparen bila, eta berak abiatu du eraso festa. Ion-ek arazo mekanikoren bat izan du etapako azken aurreko mendatean, baina burura iristeko erraztasuna erakutsi du. Hainbesterako, Guillaume Martin taldekidea bururantz zeramanean, gurpiletik atera duela frantziarra. Uste hori azken mendateko pankartatik 2.3 kilometrora baieztatu da. Eraso bortitza jo du Ormaiztegikoak, eta bakarrik egin du aurrera. 10, 15, 25 segundo, minutu erdia, eta 28 kilometro helmugara. Atzean Martin taldekideak suhiltzaile lan bikaina egin du, erasoak zainduz, eta Ion Izagirrek etapa garaipen dotorea lortu du.
Oilarren tropelean uruduritasun eta tentsio handia egon da lehen 70 kilometroetan, baina ondoren pakea iritsi da multzora, eta ez da ezer gertatu. Biharko etapan gertatuko dira gauzak, ziur: Jura mendikatean dago Grand Colombiere, 17.7 kilometro luze eta %7.1ko batez besteko malda latza daukan aldapatzarra. Pena, etapako mendate bakarra dela. Nor nagusituko da? Vingegaard liderra edo Pogacar ausarta? Ihesaldiak ere aukeraren bat izan dezake!!!