Gozatu ederra hartu du gaur eguerdian, Martindegiko San Ferminetara hurbildu denak, herri kirol erakustaldira. Erakustaldia baino gehiago, ikuskizun paregabea eskaini dute aizkolariek, bi bikote osatuta: batetik, bailarako bi gazteak, Suharri Rodriguez 'Paolla' eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'; eta bestetik, Hodei Ezpeleta 'Bihurri' eta Xabier Zaldua.
Jo eta su aritu dira lanean, seina enbor mozten, txanda librean. Hasieratik hartu dute tartetxoa Ezpeletak eta Zalduak, eta haunditu egin dute pixkanaka, baina inoiz ez minutu erditik gora. Pare bat aldiz gerturatu zaizkie 'Paolla' eta 'Basozabal', baina azkeneko enborrera iristerako, bazirudien lehia erabakita zegoela. Ezta hurrik eman ere: lehertu beharrean erritmoa bizitu dute bailarako bi gazteek, eta gogotik estutu dituzte 'Bihurri' eta Zaldua. Azkenean, oso kolpe gutxiren aldearekin nagusitu dira haiek, kronometroak 16 segunduren aldea markatu duen arren: 19:26 Ezpeletak eta Zalduak, eta 19:42 'Paolla'k eta 'Basozabal'ek.