Desenpateetan ezin, Juaneneak eta Barrenetxeak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 10a, 00:00

Endika Barrenetxea hernaniarra, aurreko partidu batean. Argazkia: Maialen Andres

Jai Alai Summer Seasoneko semifinala jokatuko dute, Segurolaren eta Ansaren kontra. Azpiroz eta Larrañaga sailkatu dira zuzenean finalera.

Bi jaialdi jokatu dira aurreko egunetan, Jai Alai Summer Season txapelketaren barruan; eta bietan jaso dute porrota Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Aritz Juanenea saldiastarrak. Torneoko aurreneko partidua irabazi ondoren (2-0), desenpateko hirugarren setean egin diete ihes hurrengo bi partiduek. Ostegunean, Segurolari eta Ansari aurreneko seta irabazi ondoren (15-6), galdu egin zuten bigarrena (5-15), eta kontrarioek lortu zuten tanto erabakigarria desenpatean (4-5). Lehiatuagoak izan ziren setak larunbateko partiduan, Azpirozen eta Larrañagaren kontra: 11-15 galdu zuten aurrenekoa, eta 15-12 irabazi bigarrena. Baina set erabakigarrian, berriro ere, ihes egin zien garaipenak (3-5). Txapelketako beste bi partidu ere izan dira egun horietan: ostegunean, Azpirozek eta Larrañagak 2-1 menderatu zituzten Aldabe eta Urriza; eta larunbatean, Aldabek eta Urrizak irabazi zuten, Segurolaren eta Ansaren kontra (2-0). Horrela, uztailaren 15eko finalera zuzenean sailkatu dira Azpiroz eta Larrañaga (7 puntu); eta finalerdia jokatuko dute Barre­netxeak eta Juaneneak (6 pun­­tu), Segurolaren eta Ansaren kon­tra (6 puntu), ostegunean.

B taldeko lehiari dagokionez, semifinalak jokatu dituzte. Larunbatean, irabazi egin zuen Aitor Aiestaran hernaniarrak, Loitegirekin batera, Aritz Zubiri goizuetarraren eta Irazuren kontra (2-1). Eta ostegunean, porrota jaso zuen Oier Apezetxea goizuetarrak, Gurrutxagarekin, Zaldua IIren eta Eskuderoren kontra (0-2). Bi bikote irabazleek jokatuko dute finala larunbatean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!