Hilabete eta erdiz egonen da itxita Goizueta-Leitza errepidea, obrengatik

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 9a, 00:00

NA-4150 errepideko bi kurba zabaltzeko lanak eginen dituzte, Leitzako Zentral Hidroelektrikoaren inguruan, eta errepidea itxita egonen da uztailaren 17tik aurrera.

Datozen egunetan hasiko hasiko dituzte Goizueta eta Leitza arteko NA-4150 errepideko bi kurba zabaltzeko lanak. Leitzako Zentral Hidroelektrikoaren inguruan dauden bi kurba dira, 4,780 eta 4,970 puntu kilometrikoetan daudenak, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

Azaldu dutenez, kurba horiek ez daude baldintza egokietan, eta ikusgarritasuna murriztu egiten dute, zabalera txikia eta erradio oso murritza dutelako.

Hiru hilabete inguruko iraupena izanen dute lanek, eta bi­­tarte horretan, hilabete eta erdiz errepidea erabat ixtea aurreikusi dute, uztailaren 17tik aurrera. Hori horrela, Goizuetatik zein Aranotik Nafarroako aldera joateko ere, Hernanitik egin beharko dute bidea herritarrek.

Arranbideko eta Fagollagako guneetan, egokitzapen lanak

Urumea ibaiaren ondoan, obrak eginen dituzte beste bi puntutan ere, datozen asteotan. Zehazki, egokitzapen lanak eginen dituzte Fagollagako eta Arranbideko guneetan, Urumea Arnastu lan mahaian adostuta. Asteazkenean hasi zituzten obrak Arranbiden, Añarbeko presarako sarreran, «degradatutako guneak hobetu eta motordun ibilgailuen eragina gutxitzea helburu dutenak». Zenbait lan eginen dituzte bertan: egurra pilatzen den puntuetan garbiketa lanak egin, inguruko lurra egonkortu, eta hainbat tokitan tamaina haundiko harriak kokatu. Nafarroako Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideen inbertsioetarako dirulaguntza jasoko dute horretarako, Nafarroako Go­bernuaren Proiektu Estrategiko­en Zuzendaritzaren eskutik.

Fagollagan, berriz, aparkale­kuko gunea egokitu eta naturalizatzeko obrak eginen dituzte. Horien helburua izanen da eremuan ibilgailuen eragina gutxitzea, erabiltzaileen jarre­ra desegokiak ekiditea, eta lur-ekosistema hobetzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!