Jaialdi bikoitza gaur, Zikuñaga Papelera Torneoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 8a, 09:04

Ekhi Oses hernaniarra (ezkerrean), osteguneko partiduan.

Goizeko 11:00etan hasita jokatuko dituzte bi partidu, eta beste bi arratsaldeko 17:00etan, Hernaniko kiroldegiko frontoian.

Jaialdi bikoitza izango du Zikuñaga Papelera Torneoak, gaurkoan, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Goizean jokatuko dituzte bi partidu, 11:00etan hasita. Jaialdiko bigarren partiduan, jubeniletan, Goizuetako Umore Onako Orbegozo eta Elizegi ariko dira, Azkoitiko Etxanizen eta Egañaren kontra. Aurretik, kadeteetan, Bergarako Etxabe eta Ormaetxea, eta Larraungo Ganuza eta Goikoetxea izango dira aurrez aurre.

Arratsaldeko jaialdian, berriz, beste bi partidu jokatuko dituzte, 17:00etan hasita. Eta horietan, hernaniarrak izango dira protagonista nagusi. Lehenengo partiduan, jubenil mailakoan, Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia ariko dira batetik, eta Unax Arabaolaza bestetik, Larraungo Galarzarekin batera. Nagusien mailakoa izango da bigarren partidua, eta beste bi hernaniar ariko dira, elkarren kontra: Iñigo Labaka Epleko Etxezarretarekin, eta Iñigo Urkizu Intxurreko Irazustabarrenarekin.

Ostegunean jokatu zituzten beste bi partidu, eta garaipena lortu zuen Ekhi Oses hernaniarrak, kadeteetan, Behar Zanako Otaegirekin batera: 18-8 menderatu zituzten Abantzuko Uria eta Alonso. Eguneko beste partiduan, nagusietan, Behar Zanako Olasagastik eta Zumaiako Alkantarak irabazi zuten, Abantzuko Sasiainen eta Eibarko Conderen kontra (18-3).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!