«Kolpe haundia da, bereziki udalerri euskaldunentzat; inolaz ere onartu ezin dugun atzerakada»

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 13:22

UEMAko udaletako ordezkariak, gaur goizean, Usurbilgo frontoian egin duten agerraldian.

Agerraldia egin dute UEMAko udaletako ordezkariek, gaur goizean, salatzeko Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua bertan behera utzi izana Auzitegi Konstituzionalak.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua, udalei aukera ematen ziena erakunde barruko idatzizko dokumentuak euskera hutsean egiteko, betiere hizkuntza-eskubideak urratu gabe. Eta erabaki horren kontra, agerraldia egin dute UEMAko udaletako ordezkariek, gaur goizean, Usurbilen. UEMAren parte dira Astigarraga, Hernani eta Goizueta, eta bertan izan dira bailarako udaletako alkate eta zinegotziak ere: «Nahikoa dela esatera etorri gara», adierazi zuten.

Udal barruko dokumentuei (gai-zerrendak, aktak...) dagokie bertan behera utzi duten araua, «eta ez herritarrekiko harremanak. 2016an onartu zuen Toki Erakundeen Legea Eusko Legebiltzarrak, gehiengo zabalarekin; eta horren arabera, udalek aukera dute dokumentu horiek erabat euskeraz egiteko, betiere ez badago zinegotzirik euskeraz ez dakiela alegatzen duenik. Zazpi urteren ondoren, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du euskeraren erabilerarekin lotutako atal nagusietako bat. Kolpe haundia da, bereziki udalerri euskaldunontzat. Inolaz ere onartu ezin dugun atzerakada».

«Epaiaren beraren larritasunaz harago, argigarriak dira kasu honek izandako bidea eta testuingurua», nabarmendu dute agerraldian: «Ultraeskuina dago honen oinarrian; VOXen salaketa bat. Duela bi urte, VOXek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen, udalen hizkuntza-jarduna arautzeko 2019ko dekretuaren kontra. Alegia, dekretua onartu eta bi urtera, eta EAEn batere zinegotzirik eduki gabe». Horren ondoren, bigarren pausoa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuela salatu dute, «azkenaldian euskeraren sustapenaren kontrako erabakiak hartu dituen auzitegiak. Dekretuari buruzko salaketa jasota, epaileek dekretuaren oinarriaren aurka jo zuten, Udal Legearen aurka. Inkons­tituzionala izan zitekeela esanez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera bidali zuten kasua».

Eta hirugarren pausoa, hain justu, Auzitegi Konstituzionalak eman du: «6.2 artikulua baliogabetu du, argudiatuz urratu egiten dituela hizkuntza-eskubideak. Auzitegiak irakurketa erabat trakestua egin du hizkuntza-eskubideei buruz, argudio erabat onartezinak erabiliz. Besteak beste, supremacía exorbitante hitzak erabili ditu udalek euskera lehenesteari buruz. Argigarria».

Gogora ekarri dute, Udal Legea onartu zenean, Espainiako Estatuaren Abokatutzak auzitan jarri zituela hainbat artikulu, 6.2a tartean: «2017an, ordea, akordioa lortu zuten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, legearen interpretazioari buruz; eta hor itxi zen kontua. Ezerezean geratu da orain».
 

«Gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke, baina euskeraz egitea 'supremazia' da»

UEMAko ordezkarien arabera, epai honekin «udalei eskumena kendu zaie beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta muga argi bat ezarri da: administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabili daitekeela euskera. Hots, gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskeraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntza-eskubideak errespetatuta, supremazia dela dio auzitegiak».

Duela urte batzuk UEMAko udaletan gai honekin lotuta izandako arazoak ere ekarri dituzte gogora: «Aktak euskeraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko trabak... Epaitegien ezpatapean egin genituen urteak. Eta sententzia honek berriro garamazki orduko egoerara. UEMAko udalen aurkako eraso zuzena da epaia».

Egoera «makur» honen aurrean, «ezinbestekoa da elkarrekin bat eginda lan egitea. Agintaldia hasi berri dugu udaletan, UEMAn biltzeko urratsa egiten ari dira udal gehiago, eta gure helburua da arduraz jokatzea. Udalerri euskaldunak gara, eta erantzukizuna daukagu euskeraren normalizazioan urrats erabakigarriak egiteko. Bide horretan, ezinbestekoa da administrazioa ere. UEMAk 32 urte daramazki zeregin horretan, eta ez da onargarria hainbeste urteren ondoren orain atzerantz hastea».

Horren aurrean, aldarrikatu dute ez dela hizkuntza-eskubiderik «batere urratu», Udal Legearen 6.2 artikuluak emandako aukerarekin. «Eta are gehiago esango dugu: hizkuntza-eskubideak UEMAko udaletan errespetatzen dira gehien».

«Oldarraldi judizial hau eten egin behar da»

Sententziak «erantzuna» behar duela adierazi du UEMAk: «Erantzuna, batetik, nahikoa dela esateko. Oldarraldi judizial hau eten egin behar da. Orain aste batzuk, UEMAk bat egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako protestarekin, eta dei hori berretsi nahi dugu gaur. Azaroaren 4ko manifestazioan izango gara, euskeraren aurkako erabaki judizial hauen kontra agertzeko eta euskera sustatzeko orube bat eskatzeko».

Azaldu dute epaiak «ezinegon haundia» sortu duela UEMAko udaletan, «eta atzera egiteko arrisku haundia daukagu. Egoera aztertzen ari gara, epaiaren ondorio praktikoak zein diren ikusteko eta orain zer urrats egin zehazteko. Gure asmoa da UEMAko udalen euskalduntzean pausoak ematen jarraitzea, azken urte luzeetan egindako bidean sakontzea. Hori da gure misioa».

Eta diote, «erantzun juridiko sendoa» behar duela «oldarraldi honek. Higatzen ari dira urteetan hizkuntza-politikaren zimendu izan den lege-eremua, eta garaia dugu elkarlanean euskera sustatzeko lege-orubea egokitzeko. Azken epaiaren ondoren, hasi gara pauso batzuk ematen, baina Auzitegi Konstituzionalaren azken ebazpen honek areagotu egin du horretarako premia. Egin dezagun bat, lor dezagun euskeraren sustapenean urrats erabakigarriak egiteko lege-esparru eraberritu bat. Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!