«Martindegin jotzea beti da berezia, guretzat etxean jotzeak badu bere xarma»

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 00:00

Ekhi Barrenetxea, Lierni Tolosa eta Ianire Segurola, Kronikarako elkarrizketan.

Etzi ospatuko dute Martindegiko auzotarrek I.Martindegiko Trikitixa Jaialdia, arratsaldeko 17:00etan. Parte hartzaileen artean, badira auzoko zenbait gazte, eta argi utzi dute gogoz daudela: «etxeko plaza beti delako berezia».

Etzi arratsalderako, I. Martindegiko Trikitixa Jaialdia antolatu dute auzotarrek, arratsaldeko 17:00etarako, eta oholtzara igoko dira Martindegi auzoan hezi, hazi eta une goxoak igaro dituzten zenbait auzotar gazte, tartean; Eider eta Lierni Tolosa, Elaia Diaz eta Ianire Segurola, eta Ekhi Barrenetxea. Hala, Lierni Tolosak, Ianire Segurolak eta Ekhi Barrenetxeak, Martindegi auzoko xarmaz, eta trikitixaren osasunaz jardun dute Kronikarekin. 

Aurten, I. Martindegiko Trikitixa Jaialdia egingo dute aurrenekoz, Martindegiko trikitixa txapelketa hasi zenetik 25 urte igaro direla aitzakia hartuta; hala aitortu du Ianire Segurola Martindegiko auzotar gazte eta trikiti joleak: «orain arte Trikitilari Gazteen Txapelketa egin da, 16 urte artekoa. Baina kontua da orain ez daudela gaztetxo nahikoa. Justu, aurten 25 urte dira trikitilari txapelketa hasi zenetik Martindegin, eta horregatik, aurten jaialdia egingo dugu, saririk gabe, trikitiari eta panderoari protagonismoa emanez». Segurolak esaldia amaitu bezain pronto, Tolosak hartu zuen hitza: «parte hartzaile nahikoa ez dagoenez, aurtengorako jaialdi bat prestatzea otu zitzaien antolatzaileei, eta aurretik ateratakoak parte hartzea erabaki zen, I. Martindegiko Trikitixa Jaialdia osatuz». Oholtzara igoko diren parte hartzaile guztiak, beraz, ondorengoak dira: Eider eta Lierni Tolosa; Enaitz Alberdi eta Oibar Olano, Ianire Segurola eta Elaia Diaz; Hodei Insausti eta Garazi Lopetegi; Eider Garro eta Araitz Elizalde; eta Mikel Lertxundi, Liher Yarza, Xuban Ugalde, Aner Elgarresta, Ander Lertxundi eta Ekhi Barrenetxea.

Musikariek argi dute oholtza gainean jaso daitekeen saririk ederrena lagun artean musika sortzea dela, «aurten ez dago irabazlerik ezta sariketarik ere; jaialdi bat izango da, lagunartekoa, trikitixak nagusitasuna hartzen duena, eta noski oholtza gainean gaudenok ere. Guretzat pozgarriena da lagun artean emanaldiak eskaintzea», jakinarazi du Tolosak.

Aurten ez da trikitilari gazteen txapelketarik izango; Martindgiko I.Trikitixa Jaialdia ospatuko baita.
 

Tolosak, Segurolak eta Barrenetxeak aitortu dute gogoz daudela etzi oholtzan dena emateko. Izan ere, batzuk ez dute aspaldian jo Martindegiko plazan, eta beste baten batek aurreneko aldiz joko du, etxean. Tolosak aitortu du azken urteetan ez dela Martindegiko mikrofono aurrean jarri: «gogoz gaude, aspaldi jo genuen Martindegin, 16 urte nituen nik, beraz, denbora pasa da. Orain  4-5 urte beranduago jotzeak zirrara sortzen dit. Eiderrentzat ete niretzat pozgarria da Martindegira itzultzea, Martindegi izan delako gure aurreneko plaza. Lehenengo txapelketa auzoan jokatu genuen, nik 8 urte nituela, eta Eiderrek 10 urte zituen orduan». Segurolak Martindegin trikitixa jo zuenetik ere igaro dira urte batzuk: «azkena 2019an jo genuen auzoan. Gero pandemia etorri zen eta ez ginen atera azken urteetan». Barrenetxeak, auzoko bateri jole gaztetxoak, etzi eskainiko du aurreneko emanaldia etxean, hala ere, aurrez esperientzia baduela argi utzi du: «ni Martindegiko trikitixa jaialdian aurten hasiko naiz, baina gehiago jo izandu dut, adibidez, Oialumen. 8 urte nituela hasi nintzen Laiotz taldearekin jotzen eta hori izan zen aurrenekoz oholtza gainean jo nuena. Etxean jotzeko gogoz nago, dudarik gabe».

Martindegiko musikariek eszenatoki gainean sendo eta harro egoteko esperientzia badutela argi utzi dute. Tolosa ahizpen kasuan, urtean bederatzi txapelketetan parte hartzen zutela nabarmendu du Liernik: «eta orain dagoeneko txapelketetako adin tartea pasa dugunez plazetan jotzen dugu, festetan…». Segurolak, aldiz, oraindik txapelketetako lekukoa eskuartean duela aitortu du: «Elaia eta biok oraindik jarraitzen dugu txapelketetan parte hartzen, izan ere, orain 20 urtera arte har dezakezu parte trikitixa txapelketetan, eta gu adin tartean sartzen garenez, jarraitzeko asmoa daukagu». Barrenetxea ez da trikitijolea, baina etziko trikitixa jaialdian bateri jole gisa ariko da, danbor eta txindata hotsekin erritmo bizia jarriz: «nire amaren ikasleekin joko dut. Bateri jole bat behar zutela esan zidaten, eta beraiekin hartuko dut parte», adierazi zuen pozez.

 

Trikitixa jaialdien formatua, aldatzen

Euskal Herrian sekulako eragina du trikitixak eta panderoak, euskal kulturaren parte baita. Hala ere, Martindegiko gazteek azaldu dute trikitixa txapelketen formatua aldatzen ari dela, hala azaldu du Tolosak: «geroz eta jende gutxiagok hartzen du parte trikitixa txapelketetan. Adibidez, Euskal Herriko txapelketan, guk hartzen genuen parte eta egiten ziren kanporaketak, jo behar izaten genituen kanta batzuk eta bi aste barru sailkatzen baginen, beste batzuk… Orain aldiz, kanporaketarik ez da egiten, ez baitago jenderik. Egia da, trikitixa munduan jardun nahi baduzu, txapelketak direla trikitilaria ezagutzera emateko modu bakarrenetarikoa. Txapelketetan parte hartuz gero, posibilitate gehiago dago erromerietan jotzeko, festetan emanaldiren bat eskaintzeko… Nahiz eta txapelketetan jende gutxiagok hartu parte, sortzen ari da erromerietan jotzeko kutsua. Denok ezagutzen ditugun Maixa eta Ixiar bezalako trikitilariak txapelketetan hasi ziren». Tolosak dio positiboki hartzen duela formatu aldaketa: «trikitixan jende asko dago, taldeak ari dira sortzen; kontua da, formatua ari dela aldatzen. Baina positiboa da, trikitixa oso bizirik dagoelako». 

Segurola bat etorri da Tolosak azaldutakoarekin eta dio lehiakortasuna utzi dela alde batera: «orain presentzia eta garrantzi gehiago ematen zaio trikitixari».

 

Etxean bezala, inon ez

Etxean joko dute etzi auzoko musikariek, arratsaldeko 17:00etan, eta gogoz daudela ziurtatu dute: «guretzako ederra da, etxean jotzea da, oholtza gainetik behera begiratu eta denak dituzu lagunak edota ezagunak», jakinarazi du Segurolak. Segidan, Tolosak jarraitu du hizketan: «Etxekoa, lehenengo jaialdia… Nire kasuan Martindegin urteak jo gabe… niretzat izango da zoragarria, berezia». Eta elkarrizketari amaiera ederra eman dio Barrenetxea gaztetxoak «etxean jotzeak badu xarma berezia» adieraziz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!