San Fermin egunez hasiko dira Martindegiko Jaiak, bihar goizean

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 6a, 00:00

Bihar goizean botako dute jaien hasierako txupinazoa, Martindegin.

Ostiraletik igandera ospatuko dituzte jaiak, eta egitarau bete-betea izango da hiru egunetan. Goizeko 10:30etan botako dute San Ferminen hasierako txupinazoa bihar, zapi gorriak jantzita.

Oialume aurreko plazatxoan elkartu, zapi gorriak jantzi, eta San Fermin jaien hasierako txupinazoa botako dute bihar, goizeko 10:30etan, Martindegi auzoan. Hortik aurrera, eta igandera bitarte, etengabea izango da festa giroa, egitarau potoloa prestatu baitute hiru egunetarako.

Denetik izango da jaien aurreneko egunean. Ohikoa izango da goiza, auzotarren kalejirarekin, meza eta ondorengo hamaiketakoarekin, eta haur jolasekin zein buruhaundiekin. Eta arratsaldean, kanpotik ere jendea gerturatzearekin batera, giro ederra sortuko da: Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia, tiro karabina lehiaketa, tortilla lehiaketa, herri kirolak lau aizkolariren lehiarekin (Malen Barrenetxea auzotarra tartean), eta sagardo dastaketa, 14 sagardotegiren partehartzearekin. Gauean, Bide Batez taldeak jarriko ditu denak dantzan.

Jaien hasiera besterik ez da izango hori, potentea izango baita asteburua. Ez dute hutsik egingo mobidak, auzo bazkariak, Laiotzen bi dantzaldi saioek, zaldi demak eta platano dantza lehiaketa xelebreak, eta apar festa ere antolatu dute arratsalderako. Gainera, Kitadelpare txarangak animatuko du bazkalostea.

Eta jaiak borobiltzeko, herri kirolariak, bertsolariak eta trikitilariak protagonista igandean. Eguerdian izango da aizkolarien eta harrijasotzaileen saioa, eta giroa jartzen arituko dira Amets Arzallus, Miren Amuriza eta Julio Soto bertsolariak. Gainera, Martindegiko Trikitixa Jaialdiaren aurreneko edizioa izango da arratsaldean, eta erromeria iluntzean.

BIHAR, ostirala

10:30, Festei hasiera emateko, auzoan zehar kalejira.

11:00, Auzoko hildakoen alde meza. Ondoren, hamaiketakoa, Oialume tabernaren eskutik.

12:00, Haur jolasak eta buruhaundiak.

17:00, Pailazoen emanaldia: Potxin eta Patxin.

17:30, LII. Tiro Karabina Lehiaketa.

19:00, Dastatzeko tortilak jasotzea.

19:00, Herri kirolak. Lau emakume aizkolari, beraien arteko deman: Malen Barrenetxea eta Nerea Arruti, Oihana Fernandez de Barrena eta Itxaso Onsalo. 

20:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak, ondorengo sagardotegiekin: Zelaia, Oialume Zar, Oiarbide, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Pertitegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Elutxeta, Indioene, Bereziartua eta Mendizabal.

Ondoren, Tortilla goxoenaren emaitza, Akelenea jatetxeak saritua.

22:30, Erromeria Bide Batez taldearekin.

ETZI, larunbata

10:30, Mobida.

13:00, Goiko aristian oroigarri xume bat «gure artean ez daudenentzat». Tturko familiari eskertza, «ematen diguten harreragatik».

14:30, Auzo bazkaria.

16:30, Puzgarriak.

17:00, Kitadelpare Txarangak bazkalondoa animatuko du.

18:00, Apar festa, Lake tabernak antolatuta.

19:30, Arratsaldeko dantzaldi saioa Laiotz taldearekin.

22:15, XX. Zaldi dema: Andoni Mendizabal 'Asteasu' eta 'Txibiter' azkoitiarra.

23:30, Dantzaldia Laiotz taldearekin.

Ondoren, platano dantza lehiaketa xelebrea.

UZTAILAK 9, igandea

Goizean goiz, Diana, Astigarragako Txirriskla taldeko txistularien eskutik.

12:30, Euskal festa. Aizkolariak: Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', Suharri Rodriguez 'Paolla', Xabier Zaldua eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri'. Harrijasotzailea: Jon Unanue 'Goenatxo III'.

13:00, Bertsolarien saioa: Amets Arzallus eta Julio Soto.

17:00, I. Martindegiko Trikitxa jaialdia: Eider eta Lierni Tolosa; Enaitz Alberdi eta Oibar Olano; Ianire Segurola eta Elaia Diaz; Hodei Insausti eta Garazi Lopetegi; Eider Garro eta Araitz Elizalde; Mikel Lertxundi, Liher Yarza, Xuban Ugalde; Aner Elgarresta, Ander Lertxundi eta Ekhi Barrenetxea.

Jarraian, Bertsolarien bigarren saioa: Amets Arzallus, Julio Soto eta Miren Amuriza.

18:00, Toka txapelketa nagusia (Gurutzeta Sukaldeakek antolatuta).

18:00, Puzgarriak.

20:00, Erromeria, Eider eta Lierni Tolosa eta Elaia Diazekin. 

Ondoren, kalejira auzoan zehar festei amaiera emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!