Ibon Minerrek irabazi du Hernaniko Bola Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 5a, 00:00

90 brilarekin nagusitu zen ereñotzuarra, Leandro Miner osabari eta Aner Miner semeari aurrea hartuta.

Ekainean zehar jokatu da, hiru tiralditan, Hernaniko Bola Txapelketa: Ereñotzun, Goiz Eguzkin eta Benta Berrin. Eta hiruetako puntuazioak batuta, Ibon Miner ereñotzuarra izan da txapeldun, 90 brilarekin, familia bereko bolarien arteko lehian. Izan ere, Leandro Miner osaba izan da bigarren, 83 brilarekin; eta Aner Miner semea hirugarren, beste 83rekin. Laugarren Patxi Loreak izan da, 77 brilarekin; eta bosgarren Fernando Gallego, 76rekin.

Azkeneko tiraldian, Benta Berrin, Leandro Miner izan zen bertakoen artean onena, 30 brilarekin; Ibon Minerrek baino bat gehiago. Orokorrean, dena den, Saigots Iglesias ibartar gaztea aritu zen ondoen, 34 brila botata; eta berak lortu zuen San Joan Saria, Enrike Lopetegiren aurretik (33).

Txapelketako bigarren tiraldian, Goiz Eguzkin, pare-parean izan ziren Ibon eta Aner Miner aita-semeak, 34 brilarekin; eta berdintsu Fernando Gallego eta Leandro Miner, 33rekin. Orduan, brila bakarreko aldearekin jarri zen lider Ibon Miner (61), Aner semearen aurretik (60); eta lidertzari eutsi zion Benta Berrin, txapeldun izateko. Ramon Iglesias ibartarrak irabazi zuen Goiz Eguzkiko tiraldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!