Dozena erdi esprint jokatuko dira Tourrean, eta lehen garaileak badu izena: Jasper Philippsen. Herbehereetarrak ezin hobe baliatu du Mathieu Van der Poel basapiztiak egin dion bideratzaile lana, eta garaileak erremate ona eman dio 200 metroko esprintean. Van Aert parean izan du une batez Philippsen-ek, baina azti jokatu du Jumbokoari bidea ixten araurik hautsi gabe, eta indartsuago bukatu du esprinta Alpecin taldekoak. Bauhaus izan da bigarren, eta Ewan hirugarren.
Etapa, bestelakoan, zozo samarra izan da, Euskal Herrian jokatu diren hiruretan zozoena zalantzarik gabe. Aurreikusteko modukoa zen, gaurko ibilbideak ez baitzeukan zalaparta sortzeko tranpatxorik. Etapa hasi eta berehala egin dute Neilson Powless eta Floriant Pichon-ek, baina porrotera kondenatua zegoen saiakera zen. Powless geratu egin da, gainera, Trabakua, Milloi, Itziar eta Orioko Benta mendatetxoetan puntuak hartu ostean, eta Pichon Baionako helmugatik 35 kilometrora harrapatu du tropelak, nahieran.
Esprintean, Alpecin taldearena lan ona. Errematea, noski, Philippsenek, baina garaipen erdia Van der Poelena. Bihar bigarrena lortzeko izango dute gaurko protagonistek, erabat laua baita Akize eta Nogaro arteko etapa, laugarrena: 182 kilometro lau.