Txalo eta ikurriña artean jaso zituzten txirrindulariak Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 3a, 00:00

Sekulako giroa sortu zuten herritarrek, Hernaniko eta Astigarragako kaleetan.

Giro ederra sortu zuten herritarrek kale bazterretan, eta ziztu bizian igaro ziren txirrindulariak.

Luzea izan zen itxaronaldia, baina merezi izan zuen. Sekulako giroa sortu zen atzo, Hernanin eta Astigarragan, Frantziako Tourreko bigarren etaparen harira. Herritar ugari animatu zen lasterketa ikustera, eta txalo artean jaso zuten pelotoia.

Hori baino lehenago, Tourra ezaugarritzen duen karabana pasatu zen 14:30ak aldera. Mota guztietako oroigarriak bota zituzten, eta giroa berotzen joan ziren autoen megafoniarekin.

Azkenean, arratsaldeko 16:15 aldera iritsi ziren Hernanira Neilson Powless eta Edvald Boasson-Hagen txirrindulariak. Kilometro askoren faltan bizitu zuten erritmoa, eta bakar bakarrik osatu zituzten Urumea bailarako 7 kilometroak. Une horretan 2 minutuko errenta zuten pelotoiarekiko; eta, horrenbestez, 16:17 inguruan iritsi ziren txirrindulari gehienak Hernaniko sarrerara. UAE taldeak zeraman pelotoiaren erritmoan, eta oilar guztiek kontrolpean zituzten aurkari arriskutsuenak.

Powless sartu zen aurrena bailaran.
 

Behin bailaratik irtenda, Jaizkibel aldera joan ziren txirrindulariak. Bertan amaitu zen Powlessen eta Boasson-Hagenen abentura, eta sailkapen nagusia lehiatzeko prest dauden txirrindulariek hartu zuten lekukoa. Pogacarren eta Vingegaarden arteko lehia ikusi ahal izan zen gainsariak hartzeko, eta jaitsieran Pello Bilbao ere saiatu zen lasterketa hausten, beste txirrindulari batzuen artean.

Inork ez zuen lortu Donostiara bakarrik iristea, eta azken kilometroan erabaki zen aurtengo edizioko etapa luzeena; Victor Lafayek kilometro bakarraren faltan aldatu zuen erritmoa, eta, juxtu, baina nahikoa izan zen helmugan bi besoak goratzeko. Atzetik sprintean sartu ziren Wout Van Aert eta Tadej Pogacar, hurrenez hurren. Adam Yatesek maillot horia mantentzea lortu zuen.

Ziztu bizian egin zituzten Urumea bailarako 7 kilometroak.
 

Atzokoaren ondoren, gaurkoa izango da Euskal Herriko azken etapa, Zornotzatik Baionara joango da lasterketa, 193,5 kilometroko ibilbidea osatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!