Urumea eremu babestua errespetatzeko ekintzak egingo dira udaran zehar

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 3a, 00:00

Urumea bailarako udalek sustatutako ekimena da, eta zenbait ekintza gauzatuko ditu hezitzaile batek.

Urumea ibaiaren ertzean dauden aisialdi eremuetan hezitzaile bat jardungo da sentsibilizazio ekintzak egiten, uztailean eta abuztuan. Zenbait tailer eta jarduera dinamizatuko ditu gune horietan, eta, horrez gain, behaketa erregistroa egin, erabiltzaileen inguruko informazioa jaso eta espazio naturalean bete beharreko araudiari buruzko informazioa emango du. 

Hezitzailea Hernaniko, Ereñotzuko, Aranoko eta Goizuetako Udalek kontratatu dute, eta «ibaiaren inguruko garapen iraunkorra» bultzatzea da ekimenaren helburu nagusia. Hori sustatzeko asmoz, Urumea Arnastu lan mahaian lantzen dituzte ibaiari lotutako diagnostikoak eta ekintza zehatzen proposamenak. 

Hezitzailearen lanarekin batera, panel interpretatiboak ere jarri dituzte «Urumearen ondare naturalaren eta kulturalaren balioa nabarmentzeko». Sei panel jarri dituzte guztira, eta askotariko informazioa dago bakoitzean: «Informazio orokorra emateaz gain, panel bakoitzean bertako fauna-flora bereizgarria zein ondare kultural aipagarriari buruzko edukiak landuko dira». 

Txukuntze lanak, martxan

Informazioaz eta dibulgazio lanaz gain, Urumea ibaiaren ingurua txukuntzeko lanak martxan jarri dituzte bailarako udalek. Fagollagako aparkalekuaren kasuan, jada hasi dituzte gunea atontzeko eta naturalizatzeko obrak: «Eremuan ibilgailuen eragina gutxitzea, erabiltzaileen jarrera desegokiak saihestea eta lur-ekosistema hobetzea dute helburu obrek», azaldu dute. Obrak datorren astean amaitzea da aurreikuspena, eta horiek amaitutakoan irekiko da aparkalekua. 

Txukuntzen ari diren bigarren eremua Arranbideko gunea da: «Degradatutako guneak hobetu eta motordun ibilgailuen eragina gutxitzeko lanak egingo dira». Egingo diren moldaketen artean daude egurra pilatzen den puntuetako garbiketa lana, inguruko lurraren egonkortzea eta puntu desberdinetan tamaina haundiko harriak kokatzea, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!