Gaur arratsaldean igaroko da Frantziako Tourra Hernanitik eta Astigarragatik

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 2a, 00:00

Ikusgarria izan zen atzo Yates anaien arteko lehia. Argazkia: Le Tour de France.

Prestaketa lanak amaituta, arratsaldeko 16:07 inguruan iritsiko da lasterketa Urumea bailarara. Guztira 7 kilometro egingo dituzte txirrindulariek Hernanin eta Astigarragan. Adam Yatesek jantziko du maillot horia.

31 urteren ondoren gaur pasako da berriro Frantziako Tourra Urumea bailarako herrietako kaleetatik. Arratsaldeko 16:07etan iritsiko da tropela Hernanira, eta ez du gehiegi iraungo bertan, segituan hartuko baitute txirrindulariek Astigarragarako bidea. Hernanira Urnietatik iritsiko da lasterketa, eta Txantxillatik barrena, Elkano eta Txirrita kaleetatik igaro ondoren, Zinkoeneatik irtengo da Martindegi ingurura. Bertatik, Troia, Tranbia eta Donostia ibilbideak zeharkatu, eta Pelotari kaletik desbideratuko da, Kale Nagusitik Perurenarako bidea hartzeko.

Hortxe amaituko da Frantziako Tourrak Urumea bailaran egingo duen ibilbidea, eta bigarren etapa amaitzeko Gurutze eta Jaizkibel mendateak igo beharko dituzte, Donostian amaitzeko. 209 kilometro ditu gaurko etapak, eta horietatik 7 egingo ditu tropelak Hernanin eta Astigarragan.

Atzoko etapan mokoka aritu ziren oilar nagusiak, eta Adam Yatesek lortu zuen irabaztea, Simon Yates anaiari azken estutuan aurrea hartuta. Beraz, UAE taldeko txirrindularia aterako da gaur maillot horiarekin.  Tadej Pogacarrek osatu zuen podiuma, eta Mikel Landa izan zen lehenengo Euskal Herritarra Bilboko helmugan, 12garren postuan iritsita.

Eragin nabarmena mugikortasunean

Kirol ikuskizunaz eta festa giroaz gain, beste mota bateko eragina ere izango du lasterketak bailaran; trafikoa asko baldintzatuko baitu ordu luzez. Hernanin 12:00etatik 17:00etara itxiko dute ibilbidea, eta Sorgintxulokoa izango da herrira sartzeko bide bakarra. Astigarragan, aldiz, 50 minutu beranduago itxiko dute errepidea, 12:50etan. Astigarragako Udaletik gomendatu dute ordu tarte horretan herritik ateratzeko asmoa dutenek Bidebiarte poligonoan aparkatzea ibilgailuak.Trafikoan ez ezik, aparkalekuak ere baldintzatuko ditu Tourrak.

Azkenik, garraio publikoan ere nabarituko da Tourraren presentzia. Lurraldebusek aldaketak iragarri ditu gaurko, 11:55etatik 17:15etara ibiliko diren autobusetan: Hernanin, BU05, BU06, BU12, BU13 eta BU20E ibilbideetako autobusak Karabeleko errotondan bakarrik geratuko dira. BU10 eta BU11 autobusek, aldiz, Antziolako 40garren atariaren parean izango dute geltoki-burua, eta beste geltoki bat Galarretan. Astigarragan, berriz, geltoki bakarra izango dute BU12 eta BU13 lineek, Bidebitarte poligonoaren barruan, Donostirako zein Hernanirako norantzan.

Tourrari keinua, Hernani Errotzenek

Hernani Errotzen taldeak keinu txiki bat eskaini dio Tourrari, Rioja Tabernaren ondoko erakusleihoan jarritako kartel batekin. Ongi etorria eman diete bisitariei, «euskalnafar herria eta hizkuntza errespetatzeko» baldintzarekin.

 

FRANTZIAKO TOURRA URUMEA BAILARAN

HERNANI

ORDUTEGIAK

14:17 Tourreko karabana publizitarioaren sarrera.

16:06 Tropelaren sarrera, Urnietatik.

TRAFIKOA

12:00-17:00 Lasterketa igaroko den bidea itxita.

Galarazita dago Elkano kalean eta Txirrita kalean aparkatzea.

SARRERAK

Zinkoeneako eta Txantxillako sarrerak itxita.

Sorgintxulokoa irekita mantenduko den sarrera bakarra.

AUTOBUSAK

11:55-17:15
BU05, BU06, BU12, BU13 eta BU20E autobusak Karabelen bakarrik geldituko dira.

BU10 eta BU11 autobusak Antziola 40 eta Galarreta geltokietan geldituko dira.

 

ASTIGARRAGA

ORDUTEGIAK

14:22 Tourreko karabana publizitarioaren sarrera.

16:11 Tropelaren sarrera, Martindegitik.

TRAFIKOA

12:50-17:00 Lasterketa igaroko den bidea itxita.

Galarazita dago Troia ibilbidean, Tranbia ibilbidean, Donostia ibilbidean, Pelotari kalean eta Kale Nagusian aparkatzea.

Aparkaleku egokituak Bidebitarte poligonoa, Foru Plaza, Troia poligonoa eta Ergobiko plazak.

Egunean zehar herritik atera behar dutenentzat gomendioa: ibilgailua Bidebitarte poligonoan aparkatzea.

AUTOBUSAK

11:55-17:15
BU12 eta BU13 autobusak Bidebitarte poligonoaren barruan bakarrik geldituko dira bi noranzkoetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!