Bihar pasako da Frantziako Tourra Hernanitik eta Astigarragatik

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 1a, 00:00

Arratsaldeko lauak aldera zeharkatuko ditu tropelak bi herriak, eta ordu eta erdi lehenago karabanak. Horrek eragina izango du trafikoan.

31 urteren ondoren, Urumea bailaratik pasako da Frantziako Tourra, bihar arratsaldean. Hernaniko eta Astigarragako kaleak zeharkatuko ditu txirrindularitzako tropelik ezagunenak. Gaur hasiko da Tourra Bilbon, eta Gasteiztik abiatuta, Donostian bukatuko da bigarren etapa bihar.

Gutxi gorabeherako ordutegiaren arabera, arratsaldeko 16:06etan sartuko da tropela Hernanin, Urnietatik datorrela: Txantxillako errotondatik Elkano kalera jaitsiko dira, eta Txirrita kaletik iritsiko dira Zinkoeneara, Astigarragarako bidea hartzeko. 16:11etan sartuko dira Astigarragan, Martindegitik: Troia, Tranbia eta Donostia ibilbideak zeharkatu, eta Pelotari kaletik desbideratuko da, Kale Nagusitik Perurenarako bidea hartzeko. Hortik aurrera, Gurutze eta Jaizkibel mendateak igo, eta Donostiara iritsiko dira txirrindulariak. Guztira, 209 kilometroko etapa da, eta 158 eta 165 kilometroen artean pasako da bailaratik.

Tropela bakarrik ez, Tourreko karabana publizitarioa ere pasako da bailaratik, ordu eta erdi pasatxo lehenago: Hernanitik 14:17etan, eta Astigarragatik 14:22etan. Hori horrela, eragin nabarmena izango du Tourrak trafikoan, ordu luzez. Hernanin, 12:00etatik 17:00etara egongo da ibilbidea itxita, eta herrira bi sarrera (Txantxilla eta Zinkoenea) itxita egongo dira; Sorgintxulokoa, aldiz, irekita egongo da. 

Era berean, ibilbide osoan zehar, bi aldeetako ibilgailu guztiak kendu beharko dituzte herritarrek. Hernaniren kasuan gaur arratsaldeko 18:00etarako libratu beharko dituzte Elkano eta Txirrita kaleetako bi aldeak, eta debekatuta egongo da bertan aparkatzea.

Astigarragan, berriz, eguerdiko 12:50etatik arratsaldeko 17:00etara egongo da itxita errepidea, Tourrak egingo duen ibilbidean. Hori horrela, bitarte horretan herritik atera behar dutenei, eskatu diete aldez aurretik Bidebitarte poligonoan uztea ibilgailuak, hori baita ateratzeko modurik errazena.

Aparkalekuei dagokienean, hustu egin beharko dira plaza guztiak Troia ibilbidean, Tranbia ibilbidean, Donostia ibilbidean, Pelotari kalean eta Kale Nagusian. Horregatik, aparkatzeko hainbat gune egokituko ditu Udalak: Bidebitarte poligonoa, Foru Plaza, Troia poligonoa eta Ergobiko plazak.

 

Autobusetan ere, eragina

Ibilgailu partikularrei bakarrik ez, garraio publikoari ere eragingo dio Tourraren pasaerak. Lurraldebusen autobusetan aldaketak izango dira, 11:55etatik 17:15etara bitartean, geltokiei dagokienean. Hernanin, BU05, BU06, BU12, BU13 eta BU20E lineek geltoki bakarra izango dute bi norantzetan, Karabeleko errotondan. BU10 eta BU11 autobusek, aldiz, Antziolako 40garren atariaren parean izango dute geltoki-burua, eta beste geltoki bat Galarretan. Astigarragan, berriz, geltoki bakarra izango dute BU12 eta BU13 lineek, Bidebitarte poligonoaren barruan, Donostirako zein Hernanirako norantzan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!