Euskal Herritik abiatuko da Tourra. Zergatik egon behar dugu pozik?
Ziurrenik, kirol-ekitaldirik garrantzitsuenetakoa delako, Munduko Futbol txapelketarekin eta Olinpiar Jokoekin batera. Esaten dute 4.000 milioi bat pertsonek jarraitzen dutela gertutik, eta, ondorioz, horrek sekulako oihartzuna emango dio Euskal Herriari. Munduari zer garen, nor garen, txirrindularitza nola bizi dugun erakusteko aukera ezin hobea da. Hortaz, alde horretatik, izugarrizko oihartzun mediatikoa izango du. Handia izan da inbertsioa, baina pentsatzen da, horren ondorioz etorriko den erantzuna, turismoari dagokionez, oparoa izango dela.
Gure nortasuna eta identitatea erakusteko baliabide edo bitarteko garrantzitsua da. Ezagutzen gaituzte, Pirinioetan ibiltzen gara, Alpeetan ibiltzen gara, marea laranja, ikurrinak gora eta behera. Edozein probatan, hemen, sekulako festa egoten da txirrindularitzarekin. Gure kirol gisa sentitzen dugu eta haiek badakite hemen zer dagoen. Horrek ekarri du, zalantzarik gabe, Tourrak bere proba garrantzitsuena, Euskal Herrian hastea.
Zer da Tourretik gehien gogoko duzuna?
Gaztetan, denok izan dugu buruan Tourra ikustera joatea Pirinio aldera, izan Luz Ardidenen, izan Tourmaleten. Gazte asko joan gara, behin, gutxienez, Tourra ikustera, txirrindularitza probaren bat ikustera. Ziurrenik, horixe da gehien gustuko dudana, gazteen artean sortzen duen miresmena. Gutxien ostera, eragiten duen burrunba, sortzen dituen albo-kalteak… Trafikoan murrizketak, ezin zure etxetik errepide nagusira atera… Baina, beno, bi egun dira urtean, moldatu egin behar. Balantzan jarriz gero, oreka sortzen da. Merezi du ekartzea.
Tourreko zein irudi nabarmenduko zenuke?
Oso gazte nintzela hasi nintzen Tourrera joaten. Bada, kuadrillan sekulako barrabaskeria egin genuen hamazazpi urte genituenean: urte osoan dirua bildu, furgoneta bat hartu eta Tourra jarraitzera joan ginen. Guztira, hamar egunez izan ginen. Era berean, Claudio Chiappuccik estrainakoz irabazitako etapa ikusi genuen Isoar mendatean. Peio Ruiz Cabestany pasatu zuen ihes eginda. Kuadrillako zortzi lagun, furgoneta batean, ume mokoak izanda… Oroitzapen hori daukat, fresko-fresko. Tourreko bataioa izan zen guretzat, pentsa nolako esperientzia puska izan zen hura.
Tourreko ibilbidea, gure errepideetan barrena, zer nolakoa iruditzen zaizu?
Euskal Herriko ibilbideak, ezinbestean, gogorra eta zaila izan behar du. Arabako lautadan edo Nafarroako Erriberan egongo lirateke etapa lauak, baina ezinezkoa da, bestela. Badakigu zer datorren. Oso bide gaiztoa iruditzen zait, batez ere, Bilboko etapa bukaera, Pikeko gailurrean, nik uste, oilarrak ere jokoan sartuko direla. Jaizkibelen, akaso, ez. Lehen, sekulakoa zen, baina, orain, plater handian igotzen dute munstro hauek. Hirugarrena errazagoa da. Baina, denetarik, etapa oso polita, ikusgarria, Bilbo inguruetan, muinoekin, Donostia inguruetan, mendate txikiekin eta Bainonakoa samurragoa den arren, ondoren Pirinioak etorriko zaizkigu, oso ezagunak diren gailurrekin. Horiek guztiak ikusteko aukera ederra euskal zaleentzat.
Nola azalduko zenieke hain zaleak ez direnei zer den Tourra?
Bike Country deitzen zaio Euskal Herriari. Jende asko ibiltzen da bizikletan hemen, baina zaletasuna ere latza da. Karabana datorrenean, gogoa eta grina pizten da. Beste mundu bat da karabanena, ordubete egoten direlako publizitate markak pasatzen, eta izugarrizko azpiegiturak dituzte. Behin hori igarota, motorrak ikusten dituzu, badatoz! Lotura eta miresmen berezia sortzen da. Sekulako izarrak gertu-gertu ikusten dituzu. Momentu polita da, bizitzan gutxitan ikusiko duguna. Donostiakoa ezagutu nuen, eta ez dakigu noiz irtengo den berriz ere Tourra Euskal Herritik. Hortaz, aprobetxatu egin beharko dugu; gozatzeko unea dela esango nuke.
Nortzuk dira faboritoak?
Niretzat bi faborito daude, eta ezustekoa litzateke beraiek garaipena ez eskuratzea: Jonas Vingegaard eta Tadej Pogaçar. Bietan, nork? Zaila da jakitea; Pogaçar gogoz egongo da, joan den urtean, bigarren gelditu ostean. Hilabeteak egon da lesionatuta, baina Esloveniako txapelketan itzuli da. Gainera, eraso-kolpe bortitzagoa dauka. Bestalde, Vingegaard-ek ere proba ederrak egin ditu Tourraren atarian; erresistentzia du eta taldearen eragina handia izango da. Jumbok UAE Emiratesek baino talde hobeaxeago dauka. Vingegaard-ek irabaztea nahiago dut.
Euskal izenen bat nabarmentzerik bai?
Asko. Zazpi daude, Mikel Landak hor ibili beharko luke, podiuma lortzeko borrokan. 33 urte dauzka jada, ibilbidea oso da bere aldeko. 22 kilometro soilik dauzka erlojupekoetan eta mendi asko. Inkognita bat da, era berean, nola dagoen fisikoki. Dauphine Liberen ez zen oso ondo ibili, baina hiru aste igaro dira eta, seguraski, bere azkeneko aukeretako bat izan daiteke podiumera hurbiltzeko. Kontua da aurkari asko izango dituela alboan, zeren esan baitugu, Pogaçar Vingegaard, Vingegaard Pogaçar, beren aldaretik jaistea ezinezkoa izango da. Hindley, Gaudu, Pinot, Bardet, Bernal, Carapaz… Kalitate handia dago, eta, itxuraz, eskilara bakarra. Zaila dago asmatzen nor gera daitekeen hirugarren koska horretan. Baina Landa hautagaietako bat da. Besteak? Nire ustez, etapen bila joango dira. Kontuz Pello Bilbaorekin. Bilboko etapa begiz jota daukala ezan du, etapa irabazten ahaleginduko dela. Baina beste asko ere bai, Omar Fraile, Jon Izagirre, Alex Aranburu...
1985az geroztik, ez dago nafarrik. Horrek arreta eman dit. Euskaldunen kopurua gero eta txikiagoa da, eta nik uste dut, horrek erakusten duela harrobi-lanean lan handiagoa egin behar dela edo ez direla gauzak ondo egiten ari.
Pertsonalki, Pello Bilbaok irabaztea nahiko nuke, oso mutil ona delako. Horrez gain, Mikel Landak podiumera igotzea merezi duela esango nuke, baina, oro har, euskaldun guztiek goi postuetan geratzea nahiko nuke.
Beste alderdiren bat nabarmenduko al zenuke?
Gozatzeko eta hurbiltzeko Tourrera eskatuko nieke herritarrei. Erakus dezagula tentuz eta errespetuz nolakoak garen. Ez bultza txirrindulariak, ez korri egin txirrindularien ondoan, errespetatu, gu garen bezala erakutsi eta munduak ikus dezala hemen Euskal Herrian txirrindularitza maite dugula eta guretzat nortasun edo nazio erakusleiho bat dela. Tourrak asmatu du gugana etortzen, merezi dugu horrelako proba bat jasotzea.
Lasterketa egunari begira, ba al daukazu aholkurik?
Errespetuz jokatzea, batez ere. Txirrindulariak azkar doaz. Aldapa goretan, ez bultza, ez egin korri ondoan. Babestu. Animatu bai, baina errespetuz jokatzen saiatu. Horrela ikusiko da Euskal Herrian nola sentitzen dugun txirrindularitza.