Gipuzkoako enpresek salmetak hazi egingo direla aurreikusten dute, Gipuzkoako Bazkundearen arabera

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 1a, 00:00

Guztira 400 enpresek erantzun diote inkestari.

Enpresen % 34k hazkunde-itxaropen hobeak iragarri dituztela, eta % 50ek egonkortasuna aurreikusi dutela azaltzen du Gipuzkoako Bazkundeak aurkeztutako txostenean.

Gipuzkoako Bazkundeak 2023ko lehen seihilekoko Koiuntura Ekonomikoaren txostena aurkeztu zuen, eta txosten hau, maiatzean egindako perspektiben inkestaren emaitzetan oinarritzen dela aitortu du Gipuzkoako Bazkundeak. «Gipuzkoako 400 enpresak erantzun diote inkestari, 4 jarduera-sektore nagusien adierazgarri direnak, hala nola, industria, eraikuntza, merkataritza eta zerbitzuak».

Egindako ikerketa honetan, ondorioztatu dute Gipuzkoako enpresek aurreikusten dutela salmentak hazi egingo direla 2023an. Inkestan, enpresen %34k hazkunde-itxaropen hobeak iragarri dituzte urtea amaitu aurretik, %50ek egonkortasuna aurreikusi dute; eta enpresen %16k jarduera murriztuko dutela aurreratu dute. Sektore-mailan emaitzak nahiko homogeneoak direla azaldu du Bazkundeak: «industriak eta zerbitzuek joera globala berresten dute, eraikuntzak perspektiba onenak ditu eta merkataritzak, berriz, aurreikuspen orekatuagoa du: % 26k salmentak handitzea espero dute urtearen amaieran, eta % 25ek, berriz, murrizketa izango dutela uste dute». 

Esportazioari dagokionez, Gipuzkoako enpresek espektatiba onak dituztela jakinarazi du Gipuzkoako Bazkundeak. Emaitzen arabera, enpresen %34k atzerrirako salmentak, haunditzea espero dute, eta % 14k salmentak murriztea. Enpresen iritzi orokorra da lurraldeko esportazioen hazkundeak jarraipena izango duela 2023an. Enpresek urteko lehen hilabeteetan izan duten pertzepzioarekin alderatuta, egoera zertxobait hobetu dela iragarri du Gipuzkoako Bazkundeak, esportazioak jaitsi egin direla adierazten duten enpresen kopuruak behera egin duelako ( % 21etik % 14ra igaro dira). 

 

Enpleguan, hazkundea

Lurraldeko enpresa gehienen ikuspegia enpresa egonkortasuna dela azaldu du Gipuzkoako Bazkundeak: «enpresen %74k emandako iritzia baita. Enpresen %19k adierazi du plantila haundituko duela datozen hilabetean, eta %7ak, berriz, kontrakoa. 

Gipuzkoako Bazkundearen arabera, urtearen hasieran, plantilaren hazkundea adierazten zuten enpresen kopurua haundixeagoa zen, %25ekoa hain zuzen ere. Une honetan ordea, plantila aldaketarik gabe mantenduko dela uste duten enpresen taldea haunditu egin da. Horregatik, datu horiek guztiek adierazten dute enpleguak hazten jarraituko duela ziurrenik, baina urtearen hasieran baino modu apalagoan.

Hala ere, «txikizkako merkataritzan, enpleguari eustea da joera nagusia ( % 80k adierazi dute aukera hori datozen hilabeteetarako aurreikuspenetan), eta ia oreka-egoera bat dago plantilak handituko ( % 9) edo murriztuko ( % 11) dituztela diotenen artean», azaldu du Gipuzkoako Bazkundeak.

Gipuzkoako enpresen inbertsio-joera positiboa dela aitortu du Bazkundeak. Izan ere, hurrengo hilabeteetan inbertsioak haunditzea aurreikusten duten enpresak %23 dira. Beraz, enpleguarekin gertatzen den bezala, enpresek inbertsio-prozesuekin jarraitzen dute, nahiz eta intentsitatea galdu.

Gipuzkoako Bazkundeak azpimarratu du eraikuntzaren sektorean gertatu den aldaketa deigarria izan dela ondorengoa: «inbertsioak haunditu zituztela adierazi zuten enpresen %48ak eta orain, hurrengo hilabeteei buruz galdetzen zaienean, zifra hori % 14ra jaitsi da». 

Industriaren eta zerbitzuen sektorean, inbertsioak haunditzea uste duten enpresak guztizkoaren herena izatetik laurden bat izatera igaro dira. Sektore horietan, joera aldatzen duten enpresek, beren egonkortasuna handitzeko egiten dute.  Eta aldiz, Gipuzkoako Bazkundeak ikertutakoaren arabera, merkataritzaren sektorean inbertitzeko joera modu esanguratsuan aldatu da. Urtearen hasieran, inbertsioak haunditzen eta murrizten zituzten saltokien saldoa ehuneko 22 puntukoa zen, eta gaur egun, berriz, % 3koa. 


Egoera ekonomikoarekiko konfiantza, Gipuzkoako enpresek

Enpresek egoera ekonomikoan duten konfiantzari buruz ere galdetzen zen inkestan, eta erantzun oso ezberdinak agertu direla aitortu du Bazkundeak: «% 24k uste dute hobera egingo duela, eta % 21ek uste dute okerrera egiten duela. Urtearen hasieran, egoera ekonomikoaren gaineko konfiantzak joera negatiboa zuen: enpresen herenak ( % 34) okerrera egingo zuela uste zuen, eta % 18k, berriz, hobera egingo zuela. Hori % 21 eta % 24 izatera igaro da, hurrenez hurren. Termino absolutuetan, horrek esan nahi du enpresen konfiantza hobetuko litzatekeela, baina ez da ahaztu behar enpresen bosten batek egungo egoera ekonomikoari buruzko iritzi negatiboa duela».

Enpresa bakoitzari bere jarduera gehien mugatzen duten 3 faktoreak adierazteko eskatzean, errentagarritasun-marjina izan da gehien nabarmendu den faktorea (enpresen % 65), eta, ondoren, lan-kostuak (% 61) eta eskariaren ahultasuna (% 41). 

 

Zenbait ondorio enpresei buruz, Gipuzkoako Bazkundeak

Ondorengoak dira Gipuzkoako Bazkundeak egindako ikerketaren ondorioz atera dituzten ondorioak: Gipuzkoako enpresek aurreikusten dute 2023an nahiko ekitaldi baikorra izango dela; Kontsumoaren murrizketak eskaera falta duten hainbat sektoreri eragiten diela; Negozio-zifrek hazteko joera dutela, baina urte hasieran baino modu apalagoan; Esportazioek hazten jarraituko dutela, eta negozio-zifrak markatutakoaren antzeko bilakaera izango dutela; Enplegu eta inbertsio-aurreikuspen gehienak positiboak direla; Enpresaren konfiantzak hobera egin duela urtearen hasierarekin alderatuta, baina iritziak banatuta ageri direla hobekuntza hautematen dutenen eta okerrera egiten dutenen artean; eta azkenik, enpresen jarduera iazko urte amaierako eta aurtengo urte hasierako aurreikuspen ekonomikoek iragartzen zutena baino hobeto jokatzen ari direla. «Hala ere, desazelerazio ekonomikoa gertatzeko arriskuek bere horretan diraute, eta, beraz, enpresen sentsazioetan zalantza nabari da: oro har maila onean mantentzen den jarduera baten eta kanpoko adierazle ekonomiko batzuek iradokitzen dutenaren artean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!