Aparkalekuak libre utzi behar dira Tourra pasako den kaleetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 30a, 00:00

Elkano kalean dagoeneko jarri dituzte hesiak.

Hernanitik eta Astigarragatik pasako da lasterketa igandean eta bihar arratsaldeko 18:00ak arte baimenduko da aparkatzea.

Frantziako Tourraren bigarren etapa etzi igandean, Urnietatik etorriko da eta Hernanin sartuko da Txantxillatik. Eta Hernanitik Astigarragara joango da lasterketa Elkanotik eta Txirritatik jaitsita. Ibilbide osoaren bi aldeetan dauden ibilgailu guztiak erretiratu beharko dira garaiz.

Hernaniren kasuan, Elkano kaleko bi aldeak (Urumeako aparkaleku berritik Atsegindegira arteko zatia) eta Txirrita kaleko bi aldeetako ibilgailu guztiak kendu beharko dira. Eremu hau libre eta hesituta utziko dute bihar arratsaldean. Beraz, bihar arte, arratsaldeko 18:00ak arte baimenduko da aipatu eremuetan aparkatzea. Ordutik aurrera, erabat debekatuta izango da ibilgailua aparkalekuetan uztea. Behar izanez gero garabiaz erretiratuko dituzte ibilgailuak.

Astigarragan hutsik utzi behar dira lasterketa igaroko den errepideen ondoko aparkaleku guztiak (Troia ibilbidean, Tranbia ibilbidean, Donostia ibilbidean, Pelotari kalean eta kale Nagusian). Horregatik, Udalak aparkatzeko hainbat gune ahalbidetuko ditu: Bidebitarte industrialdea, Foru Plaza, Troia industrialdea, Ergobiko plazak.

 

Autobus zerbitzuetan ere aldaketak izango dira

Bihar 11:55etik 17:15etara, Hernanin,  BU05, BU06, BU12 eta BU13 zerbitzuetan geltoki burua eta bakarra Karabelgo biribilgunean izango da. BU10 eta BU11 zerbitzuetan geltoki burua Antziola 40 zenbakian egongo da eta Galarretan geratuko da. BU20E zerbitzuan geltoki burua eta bakarra Karabelgo biribilgunean izango da. 

Astigarragan BU12 eta BU13 zerbitzuek bai Hernaniko norantzan eta Donostiarantz gasolindegian izango da geltokia 12:00etatik 17:15etara. Urnietan ez da zerbitzurik izango ordu horretan eta Donostian BU05 Zubieta plazan geratuko da, BU11 Urbieta 38an geratuko da eta BU12 eta BU13 Federico Garcia Lorca, 2 zenbakian.

 

Frantziako Tourraren ibilbidea Hernanitik Astigarragaruntz
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!