Jai Alai Summer Season txapelketa apurtzailea aurkeztu da Irlan

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 30a, 00:00

Ansa II.a Santa Klara Irlan egin zen aurkezpenean. Argazkia: Maialen Andres

Bihar hasiko da Galarretan gaueko saioarekin eta beste lau egunez luzatuko da uztailaren 6an, 8an, 13an eta 15ean.

Oriamendik asteazken arratsaldean Santa Klara Irlan, Jai Alai Summer Season txapelketa berritzaile eta apurtzailea aurkeztu zuen. Erremonte enpresa apustu sendoa egiten ari da gauzak eraberritzeko eta erremontea garai berrietara egokitzeko.

Bide horretan Jai Alai Summer Season txapelketak San Fermin Torneoa zena ordezkatuko du bihar uztailaren 1ean, uztailaren 6an eta uztailaren 8an, uztailaren 13an eta uztailaren 15ean, Galarretan.

Bi taldetan banatuko da txapelketa: A taldea eta B taldea. A taldean Aldabe-Urriza, Barrenetxea IV-Juanenea, Segurola-Ansa eta Azpiroz-Larrañaga bikoteek osatuko dute. Txapelketaren lehen fasean, denek denen aurka jokatuko dute. Hiru jardunaldia izango dituzte horretarako: uztailaren 1a, uztailaren 6a eta uztailaren 8a. Partiduak set formatuan jokatuko dira eta ligaxkako sailkapena puntuaketa sistemaz izango da. 

Lehenego sailkatua zuzenean uztailaren 15eko finalera sailkatuko da eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bat jokatuko dute uztailaren 13an.  Partidu honetako irabazlea finalera sailkatuko da. Ligaxkako laugarrena kanporatua izango da, baina finalerdietan lesionaturen batentzako ordezkorik ez badago beraiek jokatuko dute. 

B taldean Irazu-Zubiri, Loitegi-Aiestaran VI, Zaldua II-Eskudero eta Gurrutxaga-Apezetxea bikoteek jokatuko dute txapelketa bihartik hasita. 

Ez da ligaxkarik jokatuko. Bi finalerdi jokatuko dira. Lehenengoa bihar uztailaren 1ean eta bertan Loitegi-Aiestaran, Irazu-Zubiriren kontra ariko dira. Uztailaren 8an izango da bigarren finalerdia eta hemen Zaldua II-Eskudero, Gurrutxaga-Apezetxearen kontra ariko dira.

Bi irabazleak uztailaren 15eko finalera sailkatuko dira. Partiduak set formatuan jokatuko dira eta lehenengo jardunaldian, bihar 22:00etatik aurrera, honako partiduak jokatuko dira: Aldabe-Urriza, Barrenetxea IV-Juanenearen kontra; Segurola-Ansa II, Azpiroz-Larrañagaren aurka;  Loitegi-Aiestaran, Zaldua II-Eskuderoren aurka.

 

«Erremontea momenu onak ari da bizitzen»

«Erremontea momentu ona ari da bizitzen» eta horri jarraipena eman nahi dio Oriamendik. Gauza berriak eta berrikuntzak sortuz jendeak ongi erantzuten duela ikusi da azkenaldian. Dinamika horrekin jarraituz berritasun askorekin dator erremontea uda denboraldian eta Jai Alai Summer Season horren erakusgarri da. 

Erremontea garai berrietara egokitzeko bide horretan, Oriamendik argi du aldaketak egin behar direla eta txapelketa berri hau bide horretatik jarraitzeko beste saiakera bat da. 

Jai Alai Summer Season berrikuntza bat izateaz gain aldaketa totala da, eraberritzeko bidean derrigorrez eman beharreko pausoa. Jende edota ikusle desberdinengana iritsi nahi da, batez ere gazteengana, baina ohiko zaleak ahaztu gabe eta turismoa erakarri nahirik. 

 

Gaueko hiru jaialdi DJarekin eta pintxopotearekin

San Fermin Torneoa izatetik, Jai Alai Summer Season izatera pasako da uztaileko jarduna. Aipatu bezala bihar, 6an, 8an, 13an eta 15ean jokatuko da eta beste berrikuntza garrantzitsua da larunbatetan gaueko 22:00etan antolatuko direla jaialdiak bihar, uztailaren 8an eta uztailaren 15ean. Uztailaren 6an eta uztailaren 13an ordutegi eta egun tradizionalean jokatuko dira jaialdiak, ostegunean, arratsaldeko 16:30etan hasita.

Larunbatean izango diren gaueko jaialdiek jendeari aukera emango diote eguna aprobetxatzeko nahi duen eran eta gauez, Galarretara hurbildu daiteke erremonteaz eta antolatuko den ikuskizunaz gozatzera. Ez baita erremontea bakarrik egongo. Gazteek eta jai giroa gustuko duen orok aukera paregabea izango du Galarretan festaz gozatzeko. Erremontearekin batera musika izango baita DJarekin eta pintxopotea ere bai. Kirolarekin eta lagunartean gozatu nahi duenak badu aukera Galarretan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!