Jai Alai Summer Sesion aurkeztuko dute gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 28a, 00:00

Aritz Juanenea, Sagardoaren Txapelketaren finalean. Argazkia: Maialen Andres

Erremonte txapelketa «apurtzailea» prestatu du Oriamendik, udarako: Jai Alai Summer Sesion. Gaur aurkeztuko dute, eta San Fermin Torneoa ordezkatuko du, «garai berrietara egokitzeko eta erremontera derrigorrezko berrikuntza ekartzeko». Uztailaren 1ean hasiko da, gaueko jaialdi batekin, 22:00etatik aurrera Galarretan. Beste lau jaialdi izango ditu txapelketak, hilaren 6an, 8an, 13an eta 15ean. Gauez izango dira larunbatetakoak (hilak 1, 8 eta 15); eta arratsaldez ostegunetakoak (uztailak 6 eta 13), 16:30etan hasita. Gainera, erremonteaz harago joango dira jaialdiak: musika ere izango da, disko jartzaileekin; eta pintxopotea ere bai. «Gazteek eta jai giroa gustuko duen orok, aukera paregabea izango du Galarretan, festaz gozatzeko», aurreratu dute.

Bi multzotan banatuko dituzte txapelketan parte hartuko duten bikoteak: A multzoan ariko dira egungo zortzi erremontista onenak, eta B multzoan beste zortzi, bigarren koxka batean daudenak. Modu berezian osatu dituzte bikoteak, eta «inoiz ikusi gabekoak eta ezustekoak» izango dira: «Bere ohiko lekutik kanpo ariko dira erremontistak. Berezia izango da, eta dagoeneko ari dira horretara egokitzen», jakinarazi dute.

«Ikusi dugu berrikuntzak sortuz jendeak ondo erantzuten duela, eta dinamika horrekin jarraitu nahi dugu. Erabateko aldaketa dakar Jai Alai Summer Seasonek. Ikusle desberdinengana iritsi nahi dugu, ohiko zaleak ahaztu gabe eta turismoa erakarri nahian».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!