Uxue Trail mendi lasterketa irabazi du Hodei Lujanbiok, Usurbilen

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 24a, 00:00

Hodei Lujanbio, Uxue Trailen.

20 kilometroko proba irabazi zuen goizuetarrak Usurbilen, hilabetea borobiltzeko. Zazpigarren izan zen Jon Ander Olazabal hernaniarra.

Garaipen polita lortu zuen Hodei Lujanbio goizuetarrak, Usurbilen, aurreko igandean: Uxue Trail mendi lasterketa (20 kilometro) irabazi zuen, 1:38:09 denborarekin, Jokin Gijarro zumaiarraren (1:42:02) eta Beñat Bereziartua usurbildarraren (1:42:47) aurretik. Zazpigarren izan zen Jon Ander Olazabal hernaniarra (1:47:50).

Garaipen horrekin, primerako hilabetea borobildu du Lujanbiok: Ereñotzuko Mendi Lasterketa irabazi ondoren, bigarren izan zen Oiartzungo Intxixu Trailen, ekainaren 4an; eta bigarren sailkatu zen Errenteriko Gaztañoko Krosean ere, Uxue Trailen bezperan.

Aurreko asteburuan, bestalde, T3T (43 kilometro) eta T2T (25 kilometro) probak jokatu ziren Tolosan, eta bertan izan ziren bailarako hainbat korrikalari. T3Tn, 19garren izan zen Xabat Pagola ereñotzuarra (4:53:33); eta T2Tn 25garren Xabat Alonso her­naniarra (2:34:23).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!