Herriartekoaren finala jokatuko du bihar Astigarragak, Azkoitian

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 24a, 00:00

Mikel Txoperena, pelota zaila jasotzen, aurreko kanporaketa batean.

Mutrikuren kontra jokatuko du final haundia, goizeko 11:00etan hasita, Gurea frontoian.

Urteko zitarik garrantzitsuena izango dute bihar, Azkoitian, palista astigartarrek: Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko dute, Mutrikuren kontra, goizeko 11:00etan hasita Gurea frontoian.

Ez dute lan erraza izango Astigarragako ordezkariek, talde indartsu baten aurrean; baina badaukate txapelak ekartzeko aukera, bere maila onenean arituz gero. Asier Salaberriak jokatuko du banaka frontoi osoan; Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain ariko dira binaka; eta Ganix Urdangarin izango da Astigarragaren ordezkari zazpi barruan. Horixe da, hain juxtu, Donostiaren kontra pasea lortu zuen laukotea, semifinaletako bueltakoan.

Enara Macicior txapeldun, Gipuzkoako bost t'erdikoan

Aurreko ostiralean jokatu zituzten, Hernaniko kiroldegiko frontoian, Gipuzkoako Bost t'erdiko Txapelketaren finalak. Bi hernaniar aritu ziren aurrez aurre, jubenilen lehenengo mailakoan; eta Enara Macicior nagusitu zitzaion Joana Tolaretxipiri (25-9). Partidu ona jokatu zuten biek, baina beroari eta nekeari hobeto egin zion aurre Maciciorrek, eta pronostikoak bete zituen, txapela janzteko.

Joana Tolaretxipi eta Enara Macicior.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!