Laguntza neurriak onartu zituen Nafarroako Gobernuak, asteazkeneko bilkuran, maiatzaren 20ko euritearen ondorioz kalteak jaso zituzten herrientzako: Arano, Goizueta, Lesaka eta Bera. Pertsona fisikoei zein juridikoei laguntzeko izanen dira neurriak.
Zerga-salbuespenen bitartez bideratuko dute laguntza gehienbat. Horrela, kaltetutako higiezinen jabe diren pertsona fisiko eta juridikoak, aurtengo Lurralde Kontribuziotik salbuetsita geratuko dira, eta ordaindutako zenbatekoak itzuli eginen dizkiete. Era berean, herri horietan jarduera ekonomikoak egiten dituztenek, ez dute ordaindu beharko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, eta dagoeneko ordaindu dutena bueltatuko diete. Gainera, egiten ari diren obra edo instalazioetan, salbuetsita izanen dute eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, euriteak obrei eragin dien ehunekoan.
Horrez gain, Nafarroako Gobernuak erabaki du udalei konpentsazioa ematea, aurreko zerga horien bitartez jasoko ez duten zenbatekoarekin.
Laster argitaratuko dira hartutako neurriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta ordutik, bi hilabeteko epea izanen dute herritarrek, beraien herriko udaletxean salbuespenak eskatzeko.
Maiatzaren 20ko goizaldean izan ziren euriteak, Aranon bereziki; eta ordu gutxitan 241 litro pilatu ziren metro koadroko, herritik gertu dagoen Añarbeko estazioan. Horren ondorioz, gainezka egin zuten errekek, eta lurjausi haundiak eta kalteak eragin zituen errepideetan eta bideetan, besteak beste.