Tourra Hernanitik eta Astigarragatik pasako da uztailaren 2an eta ibilbidea itxiko da ordu luzez

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 22a, 00:00

Hernanin ibilbidea 12:00etatik 17:00etara itxiko da eta 12:50etatik 17:00etara Astigarragan.

Frantziako Tourra Hernanitik eta Astigarragatik pasako da uztailaren 2an, igandean, 16:10ak aldean eta horren ondorioz ibilbidea bost orduz itxita egongo da Hernanin, 12:00etatik 17:00etara eta lau ordu eta hamar minutuz Astigarragan, 12:50etatik 17:00etara.

Trafikoan eragin haundia izango du eta Hernanin eta Astigarragan 40 kontrol puntutik gora egongo dira. Urnietatik sartuko da Hernanin lasterketa eta GI-3132 errepidetik sartuko da Astigarragarantz abiatuko da. 

Hernani barruko ibilbidea Txantxilla-Izpizua-Elkano-Txirrita-Zinkoenea-Akarregi izango da. Herria erdigunetik zeharkatuko du beraz. Astigarragara 16:15ak aldera iristea espero da Martindegitik. Herria zeharkatuko du Iparralde bideraino Oiartzun aldera.  

 

Eragina eta alternatibak

Herriko bi sarrera itxita egongo dira: Txantxillako sarrera eta Karabelgoa. Sorgintxulokoa izango da irekita egongo den sarrera bakarra. Astigarragan herritik irten nahi dutenek ibilgailuak Bidebitarteko industrialdean uztea lehenetsi dezatela eskatu du, hori baita irteerarik errazena. Hori ezinezkoa zaienentzat, herriko beste toki batzuetan ere badaude irteerak, adibidez, Ergobiatik Okendotegi bidera; eta Martindegin, Sansonategi bidetik, Hernanirantz.

Lizeaga kaletik ezingo da herritik irten eta irteteko Victor Hugo kaletik Portu-Karabel eta handik A-8rako irteera izango da eta Antsorena kalekoak kanposantutik Portura. Beste alternatiba Urbietatik, Latsunbera, Latsunbe Berri, Antzioa, Cuesta de la Muerte eta Galarreta aldera izango da. 

Aparkalekuak

Hernanin ibilbidean dauden zenbait aparkaleku kenduko dira: Elkano (Urumea-Atsegindegi) eta Txirrita osoa. Orkolagako aparkalekuak ez dira kenduko baina ezingo dira kotxe horiek mugitu bost orduz. Alternatiba bezala Akarregi poligono osoa aparkatzeko moduan jarriko da. 

Astigarragan lasterketa igaroko den errepideen ondoko aparkaleku guztiak hutsik utzi behar dira. Horregatik, aparkatzeko hainbat gune ahalbidetuko dira: Bidebitarte industrialdea, Foru Plaza, Troia industrialdea eta Ergobiko plazak.

Larrialdiren bat gertatuz gero, pasabidea bermatuko da (anbulantzia, suhiltzaileak...).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!