Zapiain sagardotegiarentzat, aurtengo Gipuzkoako Sagardo Lehiaketako sari gorena

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 19a, 00:00

Egoitz Zapiain, Sagardo Lehiaketako saria jasotzen, Markel Olanoren eskutik.

Ostiral goizean egin zuten sari banaketa, eta Zapiainen sagardoaren «kalitate analitiko eta organoleptikoa» jarri du balioan epaimahaiak.

Zapiain sagardotegiak eskuratu du aurtengo Gipuzkoako Sagardo Lehiaketaren txapela. Ostiral goizean banatu zituzten lehiaketaren 22garren edizioko sariak, eta Egoitz Zapiainek jaso zuen sari nagusia, Markel Olano diputatu nagusiaren eskutik. Zapiainen sagardoaren «kalitate analitiko eta organoleptikoa» jarri du balioan epaimahaiak.

Guztira, 20 sagardotegik hartu dute parte lehiaketan, eta joan den urtean bezala, bi kategoriatan banatu dituzte sagardoak, lortutako puntuazioaren arabera. Horrela, urrea jaso dute 72 puntutik gora lortu duten sagardoek, eta zortzi sailkatu dira kategoria horretan: Alorrenea, Lizeaga eta Zapiain astigartarrak, Akarregi eta Altzueta hernaniarrak, Adunako Aburuza, Legorretako Begiristain eta Tolosako Isastegi. Aldiz, zilarra eskuratu dute beste lau sagardotegik, 65 eta 72 puntu artean lortuta: Astigarragako Petritegik, Hernaniko Zelaiak, Zeraingo Oihartek eta Usurbilgo Saizarrek.

Hortaz, 12 sagardok lortu dituzte 65 puntu baino gehiago, eta horietatik zazpi dira Urumea bailarakoak: lau astigartar eta hiru hernaniar. Saritu guztiek izango dute aukera, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat jartzeko euren botiletan, urrezko edo zilarrezko sailkapena erakutsiko duena.

Ekitaldian, Mar­kel Olanok na­­barmen­du zuen «Gipuzkoako produktu izarretako bat» dela sa­­­gardoa, txakolinarekin eta gaz­tarekin batera, «bere balio kul­tural, gastronomiko eta ekonomikoa dela eta. Nazioartean ere posizionatzen gaituen eta izen ona ematen digun produktua da, edonoren aurrean harro erakusteko moduko edaria, lurretik sortua eta ekoitzia».

Aurten, sagardo bereziei ere egin diete aipamena, eta bost sagardo dastatu dituzte atal horretan: Zapiain sagardotegiaren Joanes de Zapiain, Petritegiren Suhar, Itxas-Bururen Bikoa, eta Oiharteren Markesaren Lurra eta Haritz. Horietatik, Markesaren Lurra sagardoak eskuratu du aipamenaren diploma.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!